Gaur, ohi baino bi egun lehenago hasiko dira Sanferminak Lesakan

Ekhiñe Zapiain 2025ko uzt. 4a, 10:15

Aurten uztailaren 4tik 10era ospatuko dituzte Lesakako Sanferminak, eta egitarau oparoa antolatu dute herriko eragileen artean. Ohi baino bi besta egun gehiago izanen dira aurten, eta zalantzak argitzeko badaezpada mezu zuzena bidali dute antolatzaileek: «painulua uztailaren 6tik aitzinera jarri behar da».

Lesakako musikariek prest dituzte instrumentuak, dantzariek espartinak eta herritarrek arropa zuri-gorriak. Sanferminak hemen dira bertze behin ere, eta aurten, bi egun gehiagoz luzatuko da besta handia herrian. Uztailaren 4tik 10era ospatuko dituzte Sanferminak, eta herriko talde ezberdinak buru-belarri aritu dira lanean egitarau oparoa prestatzeko. «Herritik eta herriarentzat» egindako Sanferminak izanen dira bertze urte batez, eta bertakoek zein kanpotik datozenek izanen dute zertaz gozatua.

Lesakako Udalaren webgunean jarri dute irakurgai besten egitarau osoa, baina, gaur bertan, uztailaren 4an La Txama taldeak arratseko 23:00etan plazan emanen duen kontzertuarekin emanen zaio hasiera. Hurrengo sei egunetan etorriko da hitzordu-erauntsia: kontzertuak, dantzak, bazkariak, pilota partidak, betizuak… denetik izanen da. Ohiko datak pixka bat moldatu dituzte, eta bi egun gehiagotarako prestatu dute eskaintza, asteburua aprobetxatuz. Hala ere, uztailaren 6ko txupinazioak iragarriko du painulua lepoan jartzeko tenorea dela, eta badaezpada horretan azpimarra egitea erabaki dute antolatzaileek: «Zuri-gorriz uztailaren 6tik aitzinera jantzi behar da. Orduan jartzen dugu zapia». Gurekin Lesakako Zerbitzuen Elkartea izanen da altxaferoa botatzeko ardura izanen duena aurten.

Tantirumairu Euskal Folklore taldearen dantza erakustaldia txupinazioaren egun berean izanen da udal pilotalekuan. Biharamunean, uztailaren 7an Fermin Donearen eguna ospatuko da, eta ezpata dantzariak zubi gainera dantzatzera igoko dira eguerdian. Arratsaldean, 19:00etan, bertso saioa izanen da Plaza Zaharrean eta 21:00etan Larrain Dantza. Uztailaren 8an herriko peñak izanen dira protagonista, eta bazkariak eta jeitsiera eginen dituzte herrian. Haurren eguna eta herritarren eguna izanen dira 9an eta 10ean.

Txoznagunea: espazio seguru eta alternatiboa

«Hameka besta borroka bakarra» lelopean apainduko dute bertze behin Lesakako txoznagunea. Txozna Batzordea herria denontzako espazio seguru izateko lanean jardungo da, eta hitzorduz beteriko egitaraua osatu dute:

Uztailaren 4a, ortziralea

  • 18:00etan txoznaguneko irekiera

  • 23:00etan La Txama plazan. Ondotik, DJ Infernu.

Uztailaren 5a, larunbata

  • 22:00etan Muxutruk plazan. Ondotik DJ Endara. 22:30ean DJAiakate txoznetan eta ondotik DJ Fifi eta Fefa.

Uztailaren 6a, igandea

  • 13:00etan Presoak etxera! Manifestazioa. 23:00etan Akerbeltz plazan.

Uztailaren 7a, astelehena, Fermintxo Rock!

  • 06:30ean Desgraziatun gosaria. Fermintxo Rock! musika jaialdia izanen dute txozna gunean. 22:30ean Mogumbo plazatik. 00:00etan Maskak txoszetan. Ondotik Frigo.

Uztailaren 8a, asteartea, Peñen Eguna

  • 20:30ean Sakatu elektrotxaranga Zialdotik abiatuta.

Uztailaren 9a, asteazkena, Gazte Eguna

  • 14:30ean gazte bazkaria txoznagunean. 19:00etan Elutxa txaranga. 22:30ean Zurrunbilo plazatik.

Uztailaren 10a, ortzeguna

  • 14:30ean herri bazkaria Eltzetan. 20:30ean Oilar Beltzak plazan. 00:00etan Gaixoa ni, gaixoa zu!

 

Denontzat bizigarria den besta bat

Eragile ezberdinak lanean aritu dira erasorik gabeko gunea izan dadin Lesaka egunotan, eta denontzat bizigarria den besta bat prestatzeko. Tartean, ortzirale eta larunbatean Eskriboenean (Beheko plaza 5) izanen da puntu morea 19:00etatik 08:00etara; aldi berean, txoznagunean zapi morea daramatenek eskainiko diete laguntza erasoren bat ikusi edo jasan dutenei.

Lesakako Xulufrinak talde feministak ere besta parekide eta askeez gozatzeko deia zabaldu du, eta aurten berrikuntza gisa Señora Bazkaria antolatu du uztailaren 9an, Azkaineko emakumeekin ahizpatuta.