Oreka ekodenda

Itziar Telletxea: «Biak uztartuko ditut orain: kontsultak eta denda-zerbitzua. Gogoz nago etapa berri honetarako»

Ekhiñe Zapiain 2025ko ira. 3a, 12:13

Lesakako Arretxea kaleko hamaikagarrenean jarri dugu hitzordua. Paretei antzematen zaie margotu berriak daudela, eta bertako produktuak zein ekologikoak direnak txukun-txukun daude lekualdatutako apaletan. Ailegatu berri diren kaxak husten ari da Itziar Telletxea Pitxi lesakarra. Aste honetan bertan hartuko dio ofizilaki lekukoa aitzineko jabeari, eta Oreka ekodendak ateak irekiko ditu.

«Egiteko gauza anitz» daudela azaldu dit Itziar Telletxea Pitxi lesakarrak zer moduz dagoen galdetu bezain laster. Aste honetan zabalduko ditu ateak berriz ere Oreka ekodendak (Arretxea kalea, 11, Lesaka) denboraldi bateko atsedenaren ostean. Ez da nolanahiko geldialdia izan; hain zuzen, jabetza-aldaketa prozesuan murgildu eta Telletxeak hartuko du gidaritza hemendik aitzinera.

Ez da lesakarraren lehendabiziko kontaktua dendarekin, eta horrek esku-aldatzea erreztu duela nabari da. «Duela bi urte medikuntza txinatarreko ikasketak bukatu nituen. Hau, herriko komertzio bat zen eta ni ohiko bezeroa nintzen. Sandrari (orain arteko jabeari) galdetu nion ea nire kontsulta pasa nezakeen hemen, praktika batzuk egin ahal izateko. Horrela hasi nintzen dendan bertan dagoen espazio ttiki honen parte izaten» azaldu digu Telletxeak.

Pausu bat ematen hasteak beti dakar bide luze bat egiten hasteko arriskua. Medikuntza txinatarrean oinarrituriko terapia-kontsultak eskaintzen hasi eta poliki-poliki dendari izatea zer zen ere ikasi behar izan zuen lesakarrak: «Oporren harira ordezkapen batzuk egiten hasi nintzen dendan, eta hor hasi nintzen ikusten pixka bat nolakoa zen funtzionamendua. Nik ere suplementazioa anitz erabiltzen dut nire kontsultetan… eta horrela suertatu zen denda hartzeko aukera. Pentsatu nuen bi gauzak uztartzeko aukera ona izan zitekeela».

Barnealdea eta kanpoaldea zaintzeko aukera

Oreka ekondenda zerbitzu anitzeko gunea izanen da. Medikuntza txinatarrean oinarrituriko kontsultak eskainiko ditu Telletxeak berak eta «horretan oinarritu» nahiko luke gehienbat. Gainera, dendari lanetan arituko da, eta bertan, barazki ekologikoak zein denboraldikoak edota elikadurari lotutako bertako produktuak izanen dira, baita bertzelako eskaintza ekologiko zabala ere.

Horrez gain, gorputzaren kanpoaldea zaintzen ikasteko produktu kosmetikoak eskuratzeko aukera egonen da, betiere ekologikoak izanen direnak.

Denda astelehenetik ortziralera 9:00-13:00 eta 17:00-20:00era bitartean egonen da irekia.

Gogoa, beldurren gainetik

Hastear duen bide honetan, erritmo eta bizimodu ezberdina izanen du Telletxeak: «Etapa berri guztiek ekartzen dute nahitaez beldur bat. Bertze gauza bat da beldur horri kasu egin nahi diogun, edo dinamika azkar horretan sartzen garen beldurrari kasu egin gabe. Nire kasuan bietatik izan dut, beldurrak bai, eta gogoak ere bai. Orain beldurrak alde batera utzita gogoak ditut gehiago. Aste honetan ireki eta eta etapa berri honi hasiera emateko gogoz nago», azaldu du.

Duela 20 urte inguru hasi zen komertzioa Lesakan zerbitzua eskaintzen, eta beraz, bide zati hori egin izanak «erreztasunak» eskaini dizkiola azaldu du lesakarrak: «20 urte egin ditu dendak funtzionamenduan. Eskualdatze bat izan da beraz; ez da zerotik hastea. Horrek lagundu dit, eta gerora ere lagunduko dit» aitortu du.

Hala, bihartik aitzinera bertaratu ahal izanen da nahi duen oro Oreka ekodendara.