Vilanova de la Mugara joanen dira asteburuan lesakarrak bi herrien arteko senidetze besta ospatzera

Paola Oskoz 2025ko ira. 9a, 11:17

`Txistofarra´ izenburupean, Euskal Herriko eta Kataluniako produktu tipikoak dastatzeko aukera izanen dute Vilanova de la Mugan, heldu den irailaren 13an, pasa den otsailean Lesakan egindako `Calçtxotx´ besta errepikatuz. Bertso, glosa, txistorra, butifarra eta Kataluniako eta Euskal Herriko musikariekin osatu dute egun osoko egitaraua. 

Pasa den otsailean, Lesaka eta Peralada herrien arteko senidetze besta ospatu zen Bortzirietako herrian. 150 pertsona bildu ziren mahaiaren bueltan, Kataluniatik ekarritako calçots-ak dastatzeko. Horrez gain, glosadore eta bertsolarien kantuak aditzeko aukera izan zuten bertaratutakoek, baita Hago Silik eta Rural Kids taldeen kontzertuak ere. Besta arrakastatsua izan zela ikusirik, lesakarrak Kataluniara joanen dira orain senidetzeari segida ematera. Horrela, irailaren 13an, egun osoko egitaraua antolatu dute Vilanova de la Muga herrian, `Txistofarra´ izenburupean. 

Peraladako udalaren laguntzarekin eta hango eta hemengo herritarren laguntzarekin ere, Alba Roda aritu da antolakuntza lanetan oraingoan ere, Lesakan bizi den kataluniarra. `Calçtxotx´ bestaren ondotik, `Txistofarra´ eguna antolatu du bere jaiotetxean, Lesaka eta Vilanova de la Mugaren arteko senidetze harremana oraindik are gehiago sendotzeko. Pasa den otsailean hasi ziren bi kulturak uztartzen dituen besta hau ospatzen eta Lesakan egindako calçots jatean bildutako arrakasta ikusita, berriz ere errepikatzea erabaki dute, oraingoan Katalunian. 

`Txistofarra´ izenburupean ospatuko dute senditze sinboliko hau berriz ere, Vilanova de la Mugan. 500 biztanle baino gutiago dituen herri honetan, Euskal Herriko eta Kataluniako produktu tipikoak dastatzeko aukera izanen da berriz ere mahaiaren bueltan. Hala ere, bazkari horren aitzinetik, bertso glosa emanaldia izanen dute bertaratzen direnek, Lesakan izan ziren bertsolari eta glosadore berberekin. Bazkalondoan berriz, kontzertuak hasiko dira. 17:00etatik aitzinera, Hago Silik eta Rural Kids taldeek errepikatuko dute Bortzirietan egin zuten emanaldia eta ondotik, Lesakako DJ Infernuk ere girotuko du arratsa bere musikarekin. 

Otsailean, 40 bat lagun etorri ziren Kataluniatik Lesakara `Calçtxotx´ bestan parte hartzera. Oraingo honetan, Alba Roda antolatzaileak azaldu duenez, gutiago izanen dira bidaia bueltan eginen dutenak. Hala ere, giro ona biziko dela azpimarratu du eta jendea animatu nahi izan du asteburu Vilanova de la Muga herrian igarotzera. Dagoeneko bi aldiz egin dute elkarretaratze hau bortziritarrek eta peraladatarrek eta agian ohitura ere bilakatuko da aitzinerago senidetze hau. Rodak adierazi du ordea, hori gertatu baino lehen "atsedena" hartu beharko duela, izan ere, horrelakoak antolatzeak nekea ekarri dio Kataluniako lesakarrari eta beraz, birpentsatu beharko dela besta antolatzeko modua ere. Edonola ere, asteburu honetan bestaz gozatuko dute guztiek, euren arteko harremanak ere sendotzeko aprobetxatuz.