Jendetza bildu da gaur Agiñan (Lesaka), Karlos Santiago zenaren omenaldian. Iragan den abuztuaren 21ean Pirinioetako Carlit tontorretik emaztearekin batera jaisten ari zela amildu eta zendu zen mendizalea. Irundarra zen sortzez, baita Irungo Mendizaleak elkarteko kidea ere. Lesakako herriarekin harreman estua zuen; bertan bizi izan zen, eta kulturan, hezkuntzan eta politikan erabat integratua zegoen. Azken urteotan Hondarribian bizi zen.
Ez dira gutxi Santiagok herrigintzan egiten zituen ekarpenak. Izan ere, Lesakako Tantirumairu ikastolako irakaslea izan zen, baita udal zinegotzia eta Arrano elkarteko bazkidea ere. Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan taldeko kide aktiboa zen, eta Pedagogian doktore zela Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea izan zen Donostian erretiroa hartu arte. Agiñara hurbildu den jende mordoan islatu da Santiagok egiten zuen eta bizi izan zuen guztia.
Oroitzen dena hiltzen ez delako
«Karlosen bizitza omentzeko elkartu gara gaur hemen» erranez ekin dio aurkezleak omenaldiari. Txistu doinuak etorri dira ondotik, eta hildakoaren pioleta eskuan, aurreskua dantzatu du familiako kide batek. Bertsolariek ere argi adierazi dute Santiago zena: «Uzten zenuelako aztarna pausotan/ maitemindu zintuzten jende ta txokotan/ ikastolan ikasi genun doinu hontan/ ezin zara kabitu gure bertso sortan».
Ekitaldi bakarrean ere zail da bizitza oso bat izan dena kabitzen, baina gaur Santiago izan dena ederki islatu da Agiñan. Aiako Harria bizkartzain, doinu, hitz eta dantza artean agurtu dute mendizalea. Inauterietan Lesakan, berak Fraindarrekin dantza egin ohi zuen doinuan egin dute dantza maite zutenek akordeoiaren laguntzaz, eta Laboaren hitzak abestu dituzte denek elkarrekin; gaur, inoiz baino egokiago: «Amets betezko loa baitakar, behin betirako hiltzeak».
Bukaeran Kontxi Errok, Santiagoren emazteak, hartu du hitza eta amets horri egin dio erreferentzia «Karlosek amesten zuen Euskal Herri euskaldun eta askearen bidean» segitu behar dela azalduz.
«Oroitzen dena, ez da inoiz hiltzen» izan da ekitaldiari itxiera eman dion esaldia. Hala izan bedi, Santiagoren zati bat Agiñan gelditu delako gaur, baita bertaratu garenon bihotzetan ere.