Lesakako Udalak Sukalde Osasungarria proiektua aurkeztu zuen pasa den ortzirale eguerdian, udaletxeko pleno aretoan. Andra Mari Zaharren egoitzarekin, Lesakako Osasun Zentroarekin eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean, etxez etxeko janari zerbitzua eskaintzen hasiko dira herriko adinekoen eta pertsona zaurgarrien artean. Helburua Lesakan dagoen behar bati erantzutea izanen da, dagoeneko martxan dauden azpiegiturak aprobetxatuz. Horrez gain, zaintza komunitatea indartzea eta arlo horretan dauden beharrei erantzutea izanen da gakoa.
Jokin Apezetxea (Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko teknikaria), Ladis Satrustegi (Lesakako alkatea), Laura Apezteguia (Andra Mari Zahar Etxeko zuzendaria), Igone Salinas (Andra Mari Zahar Etxeko gizarte langilea), Marilen Telletxea (Lesakako Osasun Zentroko erizain burua) eta Marixabel Lopez de Uralde (Osasun Zentroko gizarte langilea) izan ziren, pasa den ortzirale eguerdian, udaletxeko pleno aretoan egin zen aurkezpenean. Guztie hauek elkarrekin eginen dute lan Sukalde Osasungarria proiektu berrian.
Satrustegi alkatea izan zen hitz egiten lehena eta aipatu zuen behar bati erantzunen diola ekintza honek, dagoeneko martxan dauden azpiegiturak aprobetxatuz: “Zaharren egoitzak badu bere sukalde propioa eta horrekin zerbitzu handiago bat eskeintzen ahal genuela ikusi genuen. Hortik atera zen behar duten horientzat etxez etxeko zerbitzua eskaintzea”. Laura Apezteguia Andra Mari Zaharren egoitzako zuzendariak alkatearen hitzak berretsi zituen. Gaur egun, Andra Marin “bertan bizitzeko 41 plaza” dituztela argitu zuen, eta “bertze bortz eguneko egonaldirako”. Egoitzaren sukaldea martxan da egunero eta bertan prestatzen diren otorduak “kanpora zabaltzea” pentsatu zutela aipatu zuen. Abuztuan hasi ziren Lesakako haur eskolara menua eramaten eta orain pausu bat gehiago eman dutela onartu zuen, “adinekoentzat otorduak prestatzea” alegia, “bertan biltzeko edo euren etxeetara garraiatzeko”. Horretarako, zenbait baldintza bete behar direla ere oroitarazi zuen Apezteguiak: “Eskatzen diren baldintzak hauek dira: Lesakan erroldatua egotea, 65 urtetik goiti edukitzea eta mendekotasun balorazioa edukitzea. Bertze kasu batzuetan, 60 urtetik goiti edukitzea posible da, eta %33ko mendekotasuna edo gizarte bazterketa arriskuan egotea”. Mendekotasunaren balorazio eskaerak Osasun Zentroan edo Gizarte Zerbitzuetan egin daitezkeela ere jakinarazi zuen zuzendariak eta "denen artean banan-banan aztertuko” dituztela kasu guztiak. Marilen Telletxea Lesakako Osasun Zentroko mediku eta erizain buruak kaptazioaren inguruko xehetasunak eman zituen: “Osasun Zentrotik kaptazioa egitea tokatuko zaigu. Mediku, erizan eta gizarte langileek batera eginen genuke, eta gero balorazio soziosanitario bat ere eginen genuke. Beharra ikusiz gero, errezeta eginen genuke, elikadura osasungarriaren errezeta, eta horrekin bideratuko genituzke Andra Mari Zaharren egoitzara”.
Zerbitzua astelehenetik ortziralera emanen da eta eguerdiko otorduak banatuko dituzte. Apezteguiak adierazi zuen “poliki-poliki” hasi nahi dutela, baina ziur daude epe labur-ertainera begira, zerbitzua asteburuetan eta jaiegunetan ere eskainiko dutela. Gauza bera martxan jarriko dituzten plazekin ere: “Hasieran hamar plazarekin hasiko gara eta ideia da 20-25 plaza ere eskaintzea”. Otordu bakoitza 7€ kostako da, zahar etxean bertan biltzen bada, edota 7,5€ etxera garraiatzea nahi bada. Bukatzeko, Apezteguiak azpimarratu zuen Nafarroako Gobernuak dirulaguntzak ematen dituela horrelako zerbitzuetarako: “Nafarroako Gobernuak dirulaguntzak ateratzen ditu zerbitzu honen ordainketa errazteko eta bakoitzaren errentaren araberakoa izanen da laguntza”.
Proiektua azaro edo abendu aldean martxan paratuko dela aipatu zuen Satrustegik eta zerbitzua ahalik eta hoberena izateko, zahar etxeko langile kopurua handituko dutela: “Langile kopurua handituko da eta lana erakargarriagoa eginen dugu, orain arteko langileen lan baldintzak ere hobetuz. Hiru langile izanen dira orain sukaldean, lanaldi osoan, eta horiek izanen dira ere otorduak banatzeaz arduratuko direnak”.
Lesakako herritarren ongizatean fokua jarriz
Udalak denbora darama Lesakako herritarren zaintza hobetzearen aldeko apustua egiten. Proiektu hau ere horren barrenean kokatzen da eta horrela adierazi zuten aurkezpenean eragile guztiek. Jokin Apezetzea Bortzirietako Gizarte Mankomunitateko gizarte langileak azpimarratu zuen banaketa aitzakia izan daitekeela adinekoengana hurbiltzeko eta euren zaintzaz arduratzeko: “Ez da bakarrik janaria etxera eramatea, aitzakia bat da norbaiti bisita egiteko, jakiteko zer moduz dagoen eta pertsona horrek ere norbaitekin harremana edukitzeko. Horrek, arrisku egoera batean, etorkizuneko detekzio edo interbentzio bat erraztuko digu”.
Alkateak Apezetxearen hitzak berretsi zituen eta udalak ere hau ezinbertzekotzat jotzen duela aipatu zuen: “Honen bitartez harremana izanen dugu adinekoekin eta horrek informazioa emanen digu gure herritarrak nola dauden jakiteko. Jende gehiago artatzeko modu bat da eta jendearen ongizatean fokua jartzeko”. Azkenik, zerbitzuaren berri edukitzeko edo informazio gehiago eskuratzeko, hurbilen duten zerbitzura jotzea gomendatu zuen Satrustegik. Informazio gehiago zahar etxeak izanen duela argitu zuen, baina Osasun Zentrora, Gizarte Mankomunitatera edota Udalera jotzea ere posible da, hau baita proiektuak ekarri duen bertze alderdi positibo bat, zerbitzu guztiek bat egin dutela elkarlanean herriak duen behar bati erantzuteko.