Idazleentzat sormen egonaldiak antolatu ditu Lesakako Udalak Getariakoarekin elkarlanean. Azken hauek hirugarren urtea dute, herriko ostatuekin lankidetzan, horrelako egonaldiak eskaintzen. 2023an jarri zuten martxan egitasmoa eta 2024an eta 2025ean segida eman diote honi. Pasa den urtarrilean Uxue Alberdi idazle getariarra Lesakan izan zen Hetero bere liburua aurkezten eta orduan eman zuen proiektu honen berri. Lesakako Udaleko ordezkariek hari hori bildu zuten eta Getariako Udalarekin harremanetan jarri ziren egitasmoaren inguruko informazio gehiago lortzeko. Horrela sortu da 2026an burutuko den elkarlana.
Hiru izanen dira 2026rako egonaldia eskainiko duten Getariako ostatuak eta bertze bi Lesakakoak. Horrela, bortz idazleek izanen dute aukera sormen egonaldia aprobetxatzeko. Lesakan, Pikuko borda landetxean eta Ekaitza hostalean eskainiko dute astebeteko idazleentzako sormen egonaldia. Getarian, berriz, San Prudentzio hotelean, Saiaz hotelean eta Katukale apartamentuetan. Ostatuek erabakiko dute zein datatan eskaini egonaldia, beti ere denboraldi baxuan libre duten momentu bat izanen delarik, musutruk hartuko baitituzte idazleak.
Euskal Herriko edozein euskal idazleek (literaturgileek, kazetariek, gidoilariek…) edota euskarazko idatzizko sormen lan bat (fikziozkoa edo ez-fikziozkoa) garatzen ari direnek hartu dezakete parte egonaldian, nahiz eta baldintza batzuk ere bete beharko dituzten. Epaimahaiak aurkezten diren proiektuen interesa, bideragarritasuna eta kalitatea hartuko du kontuan, baita proiektua fase aurreratuan egotea ere. Horrez gain, egonaldien erdiak, gutienez, emakume idazleentzat gordeko dira eta bortz egonaldietako bat ere 35 urtetik beherako idazle batentzat izanen da. Eskatzaileen artean, 35 urtetik beherakorik ez balego, adin horretatik gorakoei emanen litzaieke plaza.
Sortzaileek abenduaren 15era arte bidali ahalko dituzte euren lanen laginak. Eskabideak emailez bidali beharko dira kultura@getaria.eus edota kultura@lesaka-eus helbideetara, mezuaren gaian "Idazleentzako egonaldiak" jarrita. Laginarekin batera, proiektuaren azalpena eta lanaren garapen fasea azaldu beharko dituzte, euren curriculuma ere igorri beharko dute eskatzaileek eta azkenik, zein egonaldi interesatzen zaien gehien, nahiz eta azken hau epaimahaiak erabakiko duen. Epaimahaia, hain zuzen ere, Jone Lizarraldek (Artzape aldizkariko arduraduna), Joseba Zulaikak (antropologoa), Maddi Ane Txoperenak (idazlea) eta Markos Tantosek (Lesakako liburutegiko arduraduna) osatuko dute eta epaia 2026ko urtarrilean jakinaraziko dute.
Sortzaileek ez dute mugarik edukiko 2026ko egonaldi horietan aitzinera eramanen dituzten lanak argitaratzeko, baina konpromezua hartuko dute sorkuntzan ostatuen aipamena egiteko, baita behin argitaratuta ere, lanaren aurkezpena herri horretan egiteko.