euri beroak

Iban Garro: «Niretzat olerkia hagitz interesgarria da; aldez aitzineko jarrera behar duzu irakurtzeko, eta onartu ezinen duzula den-dena ulertu»

Ekhiñe Zapiain 2025eko azaroaren 12a

Erein argitaletxearekin kaleratu du Euri beroak bere bigarren poesia liburua Iban Garro Alzuri lesakarrak. Bilboko Udalaren Blas de Otero-angela Figuera Nazioarteko XVII. Poesia Lehiaketan irabazlea izan zen, eta hargatik kaleratu du liburua. Iraganeko familia kontakizun ilun batetik abiatu eta orainalditik ondu du Garrok emozioz betetako lana, eta gurean izan da nondik norakoak ematen.

Iban Garro Alzurik ongi daki zer den literatura sariketetara aurkeztu eta irabazteari esker lan bat atera behar izatea. Ez du ibilbide makala horrelakoetan: Iruñeko Udalak antolatzen dituen egile berrientzao literatur lehiaketaren baitan osatutako bildumetan sortu zituen Omar (2015), Hidris-en aulkia (2016), Gure artekoaz ari naiz (2018) eta Geroxeago itzuliko naiz (2019). Udalbiltzak antolatutako Geuretik Sortuak proiektuaren lehen edizioan Urepelen (Nafarroa Beherea) izandako egonaldia baliatuz, Behe Lainoak poesia lana sortu zuen, Hamazazpigarrenean aidanez (Udalbiltza, 2022) bilduman argitaratu zena.

Larrosa bat Groenlandian (Iruña Hiria saria, 2023) izan zen bakarka argitaratu zuen lehendabiziko lana, eta orain, 2024ko Blas de Otero-Angela Figuera poesia saria irabazi zuen Euri beroak du eskuartean. Sariketak beraz, badira idazteko pizgarri bat Garrorentzat: «Gustatzen zait sariketetara aurkeztea. Idazteko aitzakia ona izaten da, eguneroko erritmoa gelditu eta istorio baten barnean sartzeko. Batzuetan sariketa bat bada idazteko helburu bat, eta niri laguntzen dit idazten. Ez dut presiorik sentitzen, eta motibatu egiten nau», azaldu du.

Olerkia delako, euskaraz delako, eta euskarazko olerkia delako

Bi aste eskas bertzerik ez ditu jendearen eskuetan Garrok egin duen azken lanak: Euri beroak. Liburuaren nondik norakoak aipatu aitzin, azpimarra egin dugu liburu hau irakurtzeko arrazoietan: «Olerkia dela da lehendabiziko arrazoia. Niretzat olerkia hagitz ariketa interesgarria da; behar duzu aldez aitzineko jarrera bat, eta jakin ezinen duzula den-dena ulertu. Bigarrena, euskaraz dela. Euskara da gure ia guztia, eta zein mehatxatua eta txikitua dagoen. Kasik militantiatzik behar izaten dugu euskaraz irakurri. Eta hirugarrena, bien batuketa: olerkia dela eta euskaraz dela», erran du.

Kimikan lizentziatua den arren, bertsogintzatik egin zuen poesiarako bidea Garrok: «Gaztetan idazten nuen zerbait, baina ez gehiegi. Bertso-eskolan hasi nintzenean hitz jokoetara hurbiltzen hasi nintzen, eta bertso idatziak idazteari ekin nion. Errimak, doinuak, neurriak… niretzat pausu natural bat izan da bertso idatzietatik olerkietara salto egitea. Azkenean, neurria kendu eta errimen dogma edo beharrazkotasun hori ahanztea izan da, baina aldi berean, nahi nuenean erabili nezkaeena».

Lesakarrak argi du olerkingintza badela eroso sentitzen den eremu bat: «Uste dut olerkigintza nire ezaugarrietara egokitzen den formula idatzia dela. Niretzat, kasik egoera bat da. Momentu bat hartzen duzu eta letra batzuk sortzen dituzu testuinguruak estimulatzen dizunarekin. Ez da bere horretan esfortzu fisiko gehiegi eskatzen duen zerbait», azaldu du.

Euri beroak

Pertsona bat kafea hartzen, eta leihoaren bertzaldean euria. Horixe da Euri beroak liburua kokatuta dagoen eszena nagusia; hala ere, iraganeko istorio ilun bat da hari nagusia: «Trama bat dago azpian, nahiz eta hitz zuzenez ez deskribatu, eta kasu honetan gure familiako kontakizun ilun bat da. Gerra Zibilaren garaian, gure familiako kide bat mendian jendea laguntzen aritzen omen zen, eta ustez, amildegi batetik beheiti erorita hil zen. Beti horrela jaso izan dugu gertatutakoa, baina duela urte batzuk atera zen ikerketa liburu batek aipatzen zuen faxisten amarru bat izan zela bere heriotza. Istorio hori erabili dut azpiko trama moduan, eta interesgarria iruditu zait oraindalditik kontatzea», dio Garrok.

Horren baitan eraiki du kontakizuna: «Pertsona bat kafea hartzen dago, eta leihoaren bertzaldean euria nagusi, iraganeko ekaitz gau horri erreferentzia eginez. Jendea ikusiko du presaka, bakoitza bere istorioarekin, bere bizitzarekin eta bere abiadurarekin», azaldu du.

Etengabe ikusiko ditugu trama nagusiarekiko loturak: «Jendea presaka agertuko da joan-etorrian eszena nagusi horretan. Jendea, bere indibidualtasunean, zeren ihesi? Ematen du eskapoka gabiltzala» azaldu du. 

Eskapatzen ez uzteko moduko olerki liburu bat da Euri beroak, dudarik gabe.