Lesakako Udalak Albistur kaleko obrak hasiko ditu abenduan. Bortz hilabetez luzatuko dira eta ia milioi bat euroko aurrekontua izanen dute, Nafarroako Gobernuak diruz lagunduko duena. Krean kooperatibarekin diseinatu dituzte egin beharreko lanak eta Sasoi Eraikuntzak enpresak aitzinera eramanen ditu. Helburua oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna hobetzea izanen da eta horretarako, gaur egun dauden espaloiak egokituko dituzte, baita sortu ere zenbait lekuetan. Zoladura berrituko dutela aprobetxatuz, euri-uren, ur zikinen eta hornidura sareak eguneratuko dituzte.
Martxanpaita auzoa eta Lesakako herria lotzen dituen bidea estreinatu berritan, Lesakako Udalak aitzinera pausu berri bat eman nahi du oraingoan, Albistur kaleko zoladura berrituz. Honek guztiak helburu bera du, oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna hobetzea hain zuzen ere. Ladis Satrustegi alkateak adierazi duenez, “herrietan kotxearekiko dependentzia dugu eta ez dugu soluzio bakar bat horretarako. Hala ere, herri barrenean egiten diren ibilbideak oinez edo bizikletaz egin beharko zirela uste dugu eta hori bultzatu nahi dugu”. Oinez ibiltzea “herritar guztiek dugun minimo komuna” dela oroitarazi du alkateak eta horri lehentasuna eman nahi dio udalak.
Azken urteetan herrigunea hobetu, egokitu eta txukuntzeko konpromisoa hartu du Lesakako Udalak eta horren barrenean kokatzen da oraingo obra berri hau. Albistur kalea Lesakara sarbidea da, nagusia eta bakarra, eta egunero hainbat herritarrek zeharkatzen dute sartu-ateriak egiteko. Kaleak hainbat “zailtasun” dituela ohartarazi du Satrustegik, tartean espaloirik ez dagoela hainbat puntutan eta horri heldu nahi izan dio udalak: “Kalea desegingo da eta osotara berritu. Etxeetako ur zikinak eta euri urak bertze modu batera antolatuko dira. Fatxadetatik doazen kableak ere lur azpitik joanen dira. Puntu batzuetan gainera, arazoak ditugu uholde arriskuarekin, etxe batzuei kalte egiten diona, eta hori ere zuzenduko da. Lur azpikoa ongi jarrita, bistara geldituko dena berrituko da. Horretarako, partikular batzuekin adostu dugu beraien lurrak publikora pasatzeko eta espaloiak berritu, egokitu eta, zenbait lekuetan ere, sortzeko”.
Beharrezko obra bada ere, honek bertze “eragozpen” batzuk ekarriko dituela argi du alkateak, tartean trafikoari dagokiena. Satrustegik jakinarazi du hauek “lau hilabetez” luzatuko direla: “Trafikoaren eragozpenak lau hilabetekoak izatea aurreikusten da. Lehenago bukatzen ahal dira edo gehiago luzatu, obraren bilakaeraren arabera, baina lau hilabetekoa da aurreikuspena. Gero, bertze lan batzuk ere eginen dira, hilabete eta erdiz iraunen dutenak, baina horiek ez dute trafikoan eraginik izanen”. Abenduan hasiko dira lehen lan horiekin eta eguberrien ondotik, emanen diote hasiera obra nagusiari. Lanek irauten duten bitartean, autoan egin beharreko desplazamenduak Antoiu kaletik desbideratuko dira: “Antoiu kalea bi zentzutan jarriko da, semaforo baten bitartez bideratuko dena. Kale estua da eta poliki joateko eskatuko diogu jendeari. Hala ere, ongi seinaleztatua egonen da herri sarreratik, baita obrako jendearekin eta albinteekin”.
Ibilgailuendako ez ezik, oinezkoendako ibilbide berriak ere proposatuko dituzte udaletik, batez ere hezkuntza zentroetara joateko haurrek egin beharreko ibilbideei dagokienez. Satrustegik adierazi duenez, “hezkuntza foroarekin adostu dugu eta bertze ibilbide alternatibo bat proposatu dugu. Igerileku ingurutik abiatu, Estrata kaletik pasatu eta Zarandia auzora joateko, eskola eta ikastolara bidea errazteko. Puntu kritikoetan laguntza eskainiko dugu. Obrako jendeak ere badaki zein den ibilbide hau eta haurrak lagunduko dituzte”.
Honez gain, Antoiu kalean dauden zenbait aparkaleku erabili ezinik geldituko dira eta beraz, aparkaleku handi bat egokitzea pentsatu du udalak, suhiltzaileen egoitzaren gibelean kokatuko dena: “Jakinda Antoiu kaleko aparkaleku batzuk baliogabetu beharko direla, suhiltzaileen egoitzaren gibelean aparkaleku handi bat egitea da gure ideia. Abenduan eginen dira lan horiek eta behin-behinekoa izanen da, nahiz eta gero hor geldituko den segur aski. Gure asmoa da jende gehienak hori erabiltzea, kanpotik heldu direnek, baita herritarrek ere. Hala ere, badakigu bizilagun batzuk beraien etxeetara ailegatu behar direla eta horretarako aukera ere izanen dute”.
Obra honek guztiak ia milioi bat euroko kostua izanen du, 967.406,25 euro zehazki. Horietatik, 345.657,57 euro ordainduko ditu Lesakako Udalak eta bertze 631.537,92 euroak Nafarroako Gobernuak emanen ditu. “Toki administrazioak hiru urtero ateratzen dituen dirulaguntza da. Bertara aurkeztu ginen eta onartuak izan ginen. Hori gabe udalak ezinen luke bere gain hartu obraren kostua”, oroitarazi du alkateak. Gaineratu duenez, segidan aterako da hurrengo hiru urteetarako deialdia eta bertara aurkezteko asmoa du berriz ere udalak, herriko bertze espazioak egokitzeko helburua baitu.
Obra honen guztiaren planoak Lesakako Udalaren webgunean (www.lesaka.eus) ikusteko aukera egonen dela aipatu du Satrustegi alkateak, “gardentasun ariketa bat” egin nahi baitzuen udalak, ahalik eta informazio gehiena helarazteko herritarrei. Udaletxera hurbiltzera edo deitzera ere animatu ditu lesakarrak, edozein zalantza izanez gero, prest baitaude horiek guztiak argitzeko. Azkenik, herritarrei “pazientzia” eskatu die Ladis Satrustegik, Lesakan zailtasunak egonen baitira heldu diren hilabeteetan. Horrez gain, “ahalik eta mugimendu gehienak oinez edo bizikletaz” egitea ere eskatu du eta etorkizunera begiratzea, lan hauek helburu duten “oinezkotzeak onurak” ekarriko baitizko herriari.