Sormenean errotutako herria da Lesaka, eta artzenkigintza ere ez dute urruti. XXI. Keinu Leihoak Antzerki zikloa abiatuko dute igande honetan (azaroak 30), eta abenduaren 12a arte izanen da eskaintza ezberdinez gozatzeko aukera. Igande honetan taularatuko den emanaldia, Formol konpainiaren Heriotzak Eduardo du izena antzezlana izanen da. Harriondoan jarri dute hitzordua arratsaldeko 18:00etan, eta sarrerak 10 eurotan salgai izanen dira Harriondoan bertan.
Poesia ez-errezitaldi bat da Heriotzak Eduardo du izena. Esperimentu bat, soinu instalazioa, performancea eta antzerkia uztartzen dituena, fisikoa eta birtuala denaren arteko mugak esploratu eta publikoaren eta eszenatokiaren arteko ohiko hesiak ezabatzen dituena. Munduko Poesia Kaierak poesia liburu bildumaren 10.urteurrenean, bizirik dauden poetak hiltzeko metafora serio hartu dute Formolekoek, eta bizipen sentsorial bat eragiteko paisaia bat marraztuko dute oholtzan.
Hitzordu gehiago
Igande honetan beraz, Heriotzak Eduardo du izena emanaldiarekin hasiko dute XXI. Keinu Leihoak Antzerki Zikloa, baina ondotik ere, izanen dira hitzordu gehiago:
- Abenduak 6. Pinpilipauxa horiak: Lesakako Mairu Antzerki Tailerraren ikuskizun berria taularatuko dute arratsaldeko 19:00etan Harriondoan. Gaizka Sarasolaren testuan oinarrituta, Mairuk zuzendutako lana da, Manex Fuchsen laguntzarekin. Ritxi Abril, Josune Etxepare, Itziar Telletxea, Gaizka Sarasola, Juanen Saralegi, Ainara Ribera eta Iban Garro dira antzezle. Sarrerak salgai paratuko dituzte aitzinetik Xagun eta Telletxean (10 euro).
- Abenduak 7. Nor naizen baneki: Axut-Artedrama antzerki taldearen azken emanaldia eskainiko dute arratsaldeko 19:00etan Harriondoan. Sarrerak aitzinetik salgai izanen dira Xagun, Telletxean eta Lesakako Udalaren webgunean (10 euro).
- Abenduak 12. Alperrak, tunanteak eta maleanteak: Zikloko azken emanaldia eginen dute arratsaldeko 20:00etan Arranon. Giltxikaro antzerki taldearen antzezlana taulatuko dute.
Negua goxatzeko, keinuz-keinu, leiho berriak irekitzeko prest daude Lesakan.