Lesakako Udalak atzo, igandean, ospatu zuen Lesakako Ferien inguruko herri galdeketa. 16 urtez goitiko herritarrek, goiz eta arratsaldez, eman zezaketeen bozka eta guztira 837 pertsonek hartu zuten parte. 2026tik aitzinera Feriak ortzegunarekin edo ortziralarekin ospatzea erabaki behar zuten lesakarrek atzokoan eta 677 bozkekin, bigarren aukera atera zen garaile. Hala ere, loteslea izateko, herritarren erdiak eman behar zuen bozka eta soilik %36,75eko partehartzea izan zen. Orain beraz, Lesakako Udalak osoko bilkuran hartu beharko du behin-betiko erabakia eta, ohar bidez jakinarazi duenez, "herritarren gehiengoak azaldutako nahia errespetatuz", ortziralaren aldeko botoa emanen du udalbatzak.
Lesakan erroldatutako 16 urtetik goitiko 2277 herritarretatik, 837 azaldu ziren atzo udaletxean, Lesakako Ferien inguruko herri galdeketan parte hartzera. Horietatik 677k (%80ak) ortziralaren aldeko bozka eman zuten eta 153k (%18ak) ortzegunaren aldekoa. Horrez gain, zurian 4 bozka eman zituzten eta bertze 3 baliogabekoak izan ziren. Ordenantzaren arabera, herri galdeketa loteslea izateko erroldatutakoen erdiak eman behar zuen bozka, beraz osoko bilkuran hartuko du orain Udalak behin-betiko erabakia.
Hain zuzen ere, Lesakako Udalak gaur goizean honen berri emateko oharra helarazi du eta bertan, udalbatzak osoko bilkuran ortziralaren aldeko bozka emanen duela argitu du: "Lesakako EH Bilduk bat egin du galdeketan eman den emaitzarekin eta herritarren gehiengoak azaldutako nahia errespetatuz, datorren urtetik aitzinera Lesakako Feriak ortziralean izatearen aldeko bozka emanen dugu". Honekin batera, bozkatzera hurbildu ziren herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkie Udalak, "Lesaka eraikitzen segitzeko hartu beharreko erabakiak denen artean hartu behar ditugulako", eta bidenabar oroitarazi du "hausnarketak, eztabaidak eta erabakiak modu parte hartzaile batean egitearen alde lanean segituko" dutela.