antzerkia

Gaizka Sarasola: «Antzerkia euskaraz bultzatu nahi dugu, eta proposamen ezberdinei lekutxo bat egin»

Ekhiñe Zapiain 2025eko abenduaren 5a

Bihar (abenduak 6) arratsaldeko 19:00etan Lesakako Mairu antzerki tailerrak Pinpilipauxa horiak lana taularatuko du Harriondoan (Lesaka). Keinu leihoak zikloaren XXI. edizioko bigarren hitzordua izanen da, eta Mairu antzerki tailerreko Gaizka Sarasolaren bisita izan dugu gurean. Zikloaren eta sortu duten lan berriari buruzko xehetasunak eman dizkigu.

Eseri eroso, eta presta zaitez bertze espazio batzuetara bidaiatzeko. Antzerkiak badauka dohai hori, esperientzia bakoitza biziz norabide ezberdinak proposatzekoa. Horri eutsi nahi diote Lesakan, XXI. Keinu Leihoak antzerki zikloa abiatu baitzuten joan den igandean. Formol laborategiaren Heriotzak Eduardo du izena antzezlana taularatu zuten, eta bihar (abenduak 6) izanen dute bigarren hitzordua. Arratsaldeko 19:00etan, herriko Mairu antzerki tailerrak sortutako Pinpilipauxa horiak lana eskainiko dute. 

Mairu Antzerki tailerrak, Lesakako Udalaren eta Arrano elkartearen laguntzarekin antolatzen du urtero Keinu Leihoak antzerki zikloa. Aurten, XXI. edizioa abiatu dute, eta antolatzaile taldeko Gaizka Sarasolak gogoratu du zergatik ekin zioten ekimenari: «Badira 25 urte inguru gu antzerkian hasi ginela. Ikusi genuen horrelako behar bat bazela, eta gure helburua bazen guk antzerkia egiteaz gain gure antzerki zaletasun hori inguruan lantzea. Aldi berean, ikusten genuen bazela beharra gure gisako aktore talde ez-profesionalek herritik kanpo emanaldiak egiteko, eta gure baliabideekin horrelako ziklo bat egitea erabaki genuen», azaldu du. 

Urteak pasatu dira, baina oraindik ere, zikloak mantentzen ditu hasiera hartan zituen helburu nagusiak: «Bi helburu genituen. Batetik, antzerkia euskaraz bultzatzea, eta bertzetik, hainbertze plaza ez zituzten horiei edota proposamen ezberdinei lekutxo bat eskaintzea», dio Sarasolak. 

Mairu antzerki tailerra zikloa bera baino urte batzuk lehenago sortu zen, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatutako gorputz adierazpeneko ikastaro labur batean parte hartu zuen taldetxoak aitzinera egitea erabaki zuenean. 

Pinpilinpauxa horiak

Sarasolak aipatu digunez, tarteka Mairuko kideek izaten dute «zerbait sortzeko gogoa eta grina». Hala, azken bi urteetan eraiki duten emanaldia estreinatuko dute bihar, arratsaldeko 19:00etan Lesakako Harriondoan.

Pinpilipauxa horiak du izena, eta Sarasolak berak idatziriko testua du oinarritzat: «Hasieratik antzezlan bat idaztea zen buruan nuena. Bi gogo edo nahi nituen; batetik, gogoa nuen XX. mendeko erdialdetik aitzinera Europan zabaldu zen misterio eta intrigazko antzerki detektibesko hori lantzeko, uztartzeko gure herri antzerkiarekin. Eta bertzetik, hau nire buruan egosten hasi zenean, 2016an, izan zen Kolonbiako Gobernuaren eta FARC-en arteko bake itunarena, eta pixkat beranduago, 2017ko udaberrian Baionako agerpena, zeinetan ETAk behin betiko armak uztea egin zuen. Euskal Herria eta Kolonbia lotu nahi nituen, eta hortik hasi zen antzezlan hau sortzen» azaldu du. 

Testuak idatzi, eta bi urtez aritu dira antzezlana gorpuzten. Bide hori, poliki eta laguntzarekin egin dutela kontatu digu Sarasolak: «Nahiko mantsoa da prozesua, baina guk horrela behar dugu. Irakurri, lantzen hasi, bueltak eman… eta gero poliki-poliki joaten gara gorputza ematen testuari. Gorputza lantzeko soinua garrantzitsua da, eta Ibai Gogortzaren laguntza izaten dugu. Argiekin Andoni Mendizabalek egin dizkigu lanak, eta antzezlan honetan, eszenografiak garrantzia handia izan du eta horretan Led Silhouette konpainiako Martxel Rodriguez eta Jon Lopez aritu dira gurekin lanean. Gainera, beti hor izaten dugu Manex Fuchs, guk barrenetik lantzen duguna kanpotik begiratu eta indarra emanez guk gorpuzten dugun horri». 

Hitzordu gehiago antzerkiaz gozatzeko

Mairuren lana ikusteko hitzordua bihar bada ere, bertze pare bat hitzordu ere bilduko ditu XXI. Keinu Leihoak zikloak. Hauek dira beraz, oraindik, eginen dituztenak: 

  • Abenduak 6. 19:00etan Harriondoan. Mairu Antzerki Tailerraren ikuskizun berria, Pinpilinpauxa horiak. Gaizka Sarasolaren testuan oinarrituta, Mairuk zuzendutako lana da, Manex Fuchsen laguntzarekin. Ritxi Abril, Josune Etxepare, Itziar Telletxea, Gaizka Sarasola, Juanen Saralegi, Ainara Ribera eta Iban Garro dira antzezle. Sarrerak salgai paratuko dituzte aitzinetik Xagun eta Telletxean (10 euro).
  • Abenduaren 7an, 19:00etan Harriondoan. Axut-Artedrama antzerki taldeak Nor naizen baneki antzezlana eskainiko du. Sarrerak aitzinetik salgai izanen dira Xagun, Telletxean eta Lesakako Udalaren webgunean (10 euro).
  • Abenduaren 12an, 20:00etan Arranon. Gilkitxaro antzerki taldeak Alperrak, tunanteak eta maleanteak taularatuko du.