Eguberriak gainean ditugu eta horiekin batera, egun hauetan ospatuko diren hainbat tradizio. Euskal Herri osoan zehar Olentzeroren etorrera ospatuko da abenduaren 24an, baina modu desberdinean eginen da leku bakoitzean. Agian modurik bereziena Lesakakoa izanen da, hagitz errotuak dauden tradizio anitz baitituzte herrian Olentzeroren etorreraren bueltan, generazioz generazio ia modu beretsuan mantendu direnak gainera. Jakinmina piztu du guzti honek azken urteetan eta egun horretan Lesakara hurbiltzen diren bisitariez gain, Labrit elkarteak ere ikerketa bat abiatu zuen pasa den urtean, atzokoan, abenduaren 17an, argitara eman zuena. Bideo batean bildu dituzte egun horretako ekitaldiak, baita zenbait herritarren testigantzak ere, eta bertan parte hartu du Amaia Telletxea Lesakako antropologoak.
Labriten deia jaso zuen Telletxeak, lehenagotik elkartean lanean ibili zelako eta, lesakarra izanik, errazago eginen zuelako ikerketaren abiapuntua izanen zen marko teorikoa. “Olentzeroren pertsonaia bere testuinguruan kokatu nuen, baita Lesakan ospatzen den jai hau ere. Marko teorikoa osatu nuen, Olentzeroren nondik norakoan zentratuta, hortik ikerketa abiatu ahal izateko gero. Marko horretan, ondare ez materiala bildu nuen, Lesakako erritua zer den azaltzen duena, generazioz generazio transmititu den guztia erakutsiz: kantak, bizipenak, errituarekin orokorrean kontatzen duguna…”, azaldu du Telletxeak.
Olentzeroren tradizioa aspaldikoa da herrian. Generazioz generazio, ia bere horretan, mantendu da eta horregatik beragatik, “pisu historikoa” duela adierazi du antropologoak: “Gerra Zibilan eta Gerraostean behiti egin zuen ospakizunak, baina 40. hamarkadan, Jose Emilio Esparzaren bitartez, herriak esfortzua egin zuen tradizioa berpizteko eta gogo hori ere suspertu zen, Olentzero kuadrilan egitearena eta herrian erakustearena”. Hain zuzen ere, Esparza izan zen lehiaketa egitea proposatu zuena, sarien dirua bere poltsikotik emanda eta hori izan da, geroz eta garrantzi gehiagorekin, azken 80 urteetan mantendu den ohitura. Telletxeak erran duenez, “denboran egokitzen joan da eta formatuak oraindik funtzionatzen du”. Hain zuzen ere hori da ohitura bat urteetan zehar mantentzearen gakoa: tradizio hori bera garai berrietara egokitzea.
40. hamarkadaz geroztik beraz, Olentzero eta Jaiotzen lehiaketa egiten da urtero, abenduaren 24an, eguerdian. Plaza Zaharrean elkartzen dira kuadrila desberdinak azken hilabetean zehar egindako olentzeroa erakustera. Bakoitzak, bere olentzeroa bizkarrean hartuta, bi abesti kantatzen ditu adinaren arabera egokitzen zaion kategorian. Kantua, jantziak eta olentzeroa bera nola sortua izan den epaitzen dute Lesakako Bandako, Abesbatzako eta Tantirumairu dantza taldeko ordezkariek eta horren ondorioz, erabakitzen da zein taldek lortzen duen sari nagusia. Azken aldian, gehiago dira Olentzeroarekin ateratzen direnak, Jaiotza prestatzen dutenak baino, hori ere aldatzen joan baita urteetan zehar, eta sari handiena ere Olentzeroen kategorian ematen da, ohore handiena ere hori baita lesakarren artean, lehiaketa irabaztea.
Epaitzen diren hiru ardatz horiek bereziak direla azpimarratu du Telletxeak. Lesakan oraindik kantatzen diren Olentzeroren abestiak zaharrak direla jakinarazi du eta herrian bertan sortutakoak direla. Izan ere, bertako “solasteko modua islatzen da kantuetan, gure euskalkian idatziak daude eta herriko garaiko kontu pila bat azaltzen dituzte: urtaroko janariaren inguruan, eguraldiaren inguruan, mendiaren inguruan… oro har, momentuko gizartearentzat garrantzitsuak ziren gauzak kontatzen dituzte. Ondare ez materialetako bat dira”. Lesakarrek ongi zaindu dituzte kantu guzti hauek eta horregatik mantendu dira mendeetan zehar, kantu berriei lekurik egiteko beharrik gabe. Jantziei erreparatuta, zenbait arropa berezi ere erabiltzen dira Bortzirietako herri honetan, Euskal Herriko bertze txokoetan ikusten ez direnak: “Adibidez, bizkarlarrua mantentzen da, mutilek janzten duten ardi larruzko jantzia. Hala ere, egia da arropa eguneratzen joan dela, lehen beltza zena orain koloretsua bihurtu dela eta bakoitzak bere gustukoa eramaten duela”. Olentzeroren sortzearen inguruan berriz, “obra arkitektoniko handiak” egiten direla onartu du antropologoak.
Hain zuzen ere, horiek sortzen hilabete luze bat ematen dute lesakarrek, taldeetan banatuta. Talde edo kuadrila hauek nola sortzen den ere ikerketzen eman zuen denbora bat Amaia Telletxeak, Antropologia Gradu Amaierako Lanean: “Euskal Herriko gazteen dinamikak aztertu nituen genero ikuspegitik eta horretarako erritu edo jai egun bat aukeratu behar nuen, eta Olentzero eguna aukeratu nuen. Hor ikusi ahal izan nuen kuadrilen eraketak duen garrantzia, egun horren bueltan sortzen hasten direlako. Olentzero egiteko zeintzuk biltzen diren, hasieran nor egoten diren eta nola joaten den hori aldatzen, guzti horrek kuadrilen formakuntzan pisua du. Gure sozializatzeko prozesuan lehen pausua da eta oraindik bada jendea, 30-40 urterekin, Olentzero eguneko bazkariko kuadrilaren Whatsapp taldea mantentzen duena. Lagun talde bat elkartzen da proiektu komun baten bueltan eta hori gazte-gaztetatik sortzen da”.
Azken aldian bisitari anitz izan ditu Lesakak abenduaren 24an, jakinmina piztu du tradizio honek. Telletxearen iritziz, egiten diren “obra arkitektoniko horiek” erakartzen dute gehien bat, “ikaragarriak baitira, mendiak, errotak… denetik egiten dute” plataforma gainean. Horrez gain, “herrian egoten den giroak ere erakartzen du”, musikaz eta kantuez betetzen baita herria egun horretan eta jai giroan aritzen direlako herritar guztiak, gazte zein helduak, Olentzeroren etorrera ospatzen, goizetik ilunabarrera arte. Amaia Telletxeak txikitatik bizitu izan du eguna eta olentzero egitearen prozesu hori ederki gozatu du urte luzez. Gaur egun berriz, “lagunekin elkatzea” maite du “mahaiaren bueltan, janari, edari eta kantuekin”. Egunean zehar lagunekin egon ondotik, familiarekin elkartzen da arratsean eta “bertze modu batean” ospatzen segitzen du eguna, “egun luze eta oso bat” berak azpimarratu duenez. Berarekin batera beraz, bertze lesakar anitzek ospatuko dute aurten ere Olentzero eguna eta kanpokoei erakutsiko diete bertze behin zein den tradizio bat mantentzearen gakoa: elkarrekin eta garai berrietara moldatuta, kantuan aritzea.
Labrit-ek ondutako dokumentala Lesakako Olentzeroaren inguruan: