Lesakako Plaza Berria kaleko garaje bateko atearen gibelean, abenduaren 24ko lehiaketan aterako duten Olentzeroa bukatzen ari dira Lide Igoa eta bere lagunak. Azken tirafondoak sartzen ari dira, goroldioa sikatzen ere jarri dute eta ahotsak dagoeneko bero-bero dituzte. Bihar egun handia izanen dute aitzinetik, emozioz beterikoa, eta ongi pasatzea izanen da euren helburu nagusia.
Olentzero Eguna “urteko egun berezienetako bat da” Lide Igoa 22 urteko lesakar gaztearentzat. 17 urte darama berak Olentzeroa lagun artean sortzen eta abenduaren 24ko lehiaketan parte hartzen: “Bortz urtetatik ateratzen naiz. Jantzi lehenagotik ere egiten nintzen, hemen hilabeteekin ere janzten gaituztelako, baina lehiaketan bortz urte inguru nituenetik ateratzen naiz”. Hasieran, familien laguntza badute ere, DBH 1etik aitzinera, euren kabuz egiten dute Olentzeroa gazteek, eta esperientziak ematen duen jakintzarekin aritzen dira, urtez urte, estruktura hobeak egiten: “Olentzeroa, gure kabuz, DBH 1en egiten da lehen aldiz. Orduan, modu sinplean egiten dugu eta gero, urtetik urtera, ikasten joaten gara. Gure kasuan, Olentzeroa soldatzen lan egiten duten batzuekin egiten ari gara eta horrek laguntzen du. Etxean ere galdetzen dugu. Gero, tranpak ere badaude. Olentzero garaian ez zegoen tirafondorik eta horiek erabiltzen ditugu orain, nahiz eta horiek gordetzen saiatzen garen errealistagoak izateko, hori ere baloratzen baita lehiaketan”.
Lan handia da hau guztia sortzea eta, normalean, lehenago hasten dira lanean. Aurten ordea, denboraz larri dabil Igoaren kuadrila: “Ferien ondotik bildu ginen lehendabiziko aldiz gaia erabakitzeko. Ondotik, abenduko zubia pasatuta hasi ginen lanean eta larri gabiltza”. Lehengo urtean bezala, bi lagun talde elkartu dira Olentzeroa sortzeko, 34 pertsona guztira, eta horietako baten garajean biltzen ari dira arratsaldero, abenduaren 24rako prest edukitzeko guztia. Gaia aukeratzea ere kosta egin zaie aurtengoan, ez baita erraza originalak izatea hainbertze urteren ondotik. Hala ere, lortu dute ados jartzea eta euren Olentzeroa “putzura joanen da ura eske”.
Lehiaketan ongi begiratzen zaio honen sortze prozesuari, baina baita janzkera eta kantuari ere. Azken hau da entseatzen gehien gustatzen zaiona Igoaren kuadrilari, “anitz gustatzen” baitzaie kantuan aritzea eta azken ordu hauetan “denbora osoan” ahotsa berotzen ariko direla argi du lesakarrak. Behin baino gehiagotan irabazi du Lide Igoaren taldeak Olentzeroen lehiaketa eta “esperientzia hagitz polita” dela onartu du, “bertze modu batean bizitzen delako eguna”. Pasa den urtean, hain zuzen ere, helduen kategoriako lehen saria eraman zuten eta “momentu hagitz polita” izan zela aitortu du, nahiz eta irabazteari ez dion garrantzi gehiegirik ematen, berdin-berdin disfrutatzen baitu berak egunaz.
Egun osoa eta luzea izaten da abenduaren 24koa Lesakan, oso goiz hasten baitira ekitaldiak herrian eta ordu txikiak arte luzatzen dira gero: “Goizean, 8:00etan, garajean elkartuko gara eta elkarrekin jantziko gara. Mototsa eta zapia jarriko diogu elkarri eta ondotik, gosaltzera joanen gara. Orduan hasten da jai giroa herrian. Lehiaketara joanen gara gero eta bazkaria izanen dugu eguerdian. Arratsaldean, kalejiran aterako gara eta gero, etxekoekin afaria izanen dugu”. Egun berezia da, dudarik gabe, eta emozio anitz bizitzen direla aitortu du Igoak, normalean herrian egoten ez direnekin ere ospatzen dena: “Egun berezia da. Kanpoan dagoen jende etortzen da eta emozio anitz bizitzen dira. Pozik zaude, baita urduri ere, eta nekea nabaritzen da egunaren bukaeran”.
Txiki-txikitatik barrenean eramaten dute Olentzeroren tradizioa lesakarrek eta etxe guztietan, eta belaunaldi desberdinetan, oroitzapen anitz biltzen dira abenduaren 24aren bueltan. Lide Igoak azaldu duenez, horrela “erraza da tradizioa mantentzea, barrenean dugulako”, eta horrela, bertze urte batez, kalera aterako dira bihar lesakarrak, elkarrekin eta kantuan Olentzeroren etorrera ospatzeko.