Goizean goizetik, Olentzeroren zain

Ekhiñe Zapiain 2025eko abenduaren 24a

Olentzeroa bizi duen herria da Lesaka. Herritarrak sinestuta daude bertan sortua dela ikazkina, eta urtero-urtero ekartzen dute haren magia Plaza Zaharrarera. Azken asteok prestaketa lanetan eman dituzten zenbait lagun-taldek: gaia hautatu, erremintak hartu eta irudimenari eta lanari ekin. Esfortzu guztiak gaur izanen ditu emaitzak; eguerdian jakinen dugu zein Olentzerok irabazi duen lehiaketa, eta hala, zein ikusiko dugun arratsaldeko kalejiran.

Jaso, eutsi, egokitu eta eman; hala mantendu ditzake herri batek ohitura zaharrak. Ttiki-ttikitatik hasten dira lesakarrak Olentzeroren etorrera ospatzeko abestiak ikasten, eta haien iruditerian hagitz presente dagoen eguna da gaurkoa: abenduaren 24a.

Goizetik hasi, eta ilunabarrerarte ikusiko dira herrian zehar joan-etorrian kolore anitzetako baserritar gonak, kapeluak edota bizkar-larruak. Gaur arratsean bisitatzen ditu Olentzerok Euskal Herriko zenbait etxe, baina egunak argitu orduko ikusiko dugu Lesakako karriketan. Gaur behintzat, nabaria da eguraldi tristea gainditzen duen giroa. 

Herritarrak elkartzeko besta bat

Bestek komunitatea egiteko funtzioa izan dute gurean, eta gaurko eguna horren islada garbia da. Lehiaketa bat irabazteko nahiak elkartzen ditu gaztetxoak azken asteotan, eta Olentzeroa prestatzen aritzen dira gaurko egunez plazan herriari aurkezteko. Horren aitzakian, gosariak eta bazkariak egiten dituzte.

Mahaiaren bueltan topatu ditugu Itziar Telletxea, Maddi Ane Txoperena, Unax Ordoki, Izaro Ugaldebere, Oihan Iturbide, Jon Leiza eta Josu Txoperena. Nor bere lagunekin, eta nor bere saltsan. Hala ere, denei nabaritzen zaie gaurko egunak pizten duen ilusio berezi hori. Batzuk urduri eta gogoz daude plazan kantatzeko, eta bertze batzuk prest, herritarrek egindakoa ikusi eta egunaz gozatzeko.