Lesakako inauteriak iragartzeko kartel lehiaketa zabalik

Aitor Errazkin 2026ko urtarrilaren 7a

Lesakako Udalak 2026ko Inauteriak iragartzeko kartela hautatzeko lehiaketa martxan jarri du. Lesakan jaio eta/edo bizi diren 18 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago deialdia, eta urtarrilaren 16ko 13:00ak arte aurkeztu ahal izango dira lanak.

Kartelak A3 formatuan (297 x 420 mm) aurkeztu beharko dira, kartoi mehearen edo paper lodiaren gainean eta teknika askearekin. Lanek, nahitaez, "2026ko INAUTERIAK LESAKAN otsailaren 12tik 17ra" testua izan beharko dute. Lanek originalak eta argitaragabeak izan beharko dute.

Parte-hartzaile bakoitzak nahi adina lan aurkeztu ahal izango ditu, eta udal-bulegoetan gutun-azal itxian entregatuko dira, ezizen bidezko identifikazio-sistemari jarraituz, lehiaketaren anonimotasuna bermatzeko.

Aurkeztutako lanak udal liburutegian erakutsiko dira urtarrilaren 19tik 23ra, biak barne. Egun horietan, Lesakan jaio eta/edo bizi diren pertsonek herri-bozketan parte hartu ahal izango dute.

Kartel irabazleak 250 euroko saria jasoko du eta Lesakako Udalaren jabetzakoa izango da, honek aurkeztutako gainerako lanak itzuliko dituelarik.