San Anton eguna ospatuko dute asteburuan Lesakan

Paola Oskoz 2026ko urtarrilaren 16a

Urtarrilaren 17an San Anton eguna ospatzen bada ere, Lesakan igandean eginen dituzte ekitaldi gehienak. Mezak, mendi irteerak eta musika izanen dute protagonista Endara auzoan, baita herrigunean ere. 

Bisitariz beteko da Endaran kokatzen den San Anton baseliza eta inguruak asteburuan. San Anton eguna ospatuko dute bertan. Hala ere, herrigunean somatuko da besta giroa, bai larunbatean, baita igandean ere. Urtarrilaren 17an da efemeridea, baina lesakarrek igandean izanen dituzte ekitaldi gehienak. 

Igandean, urtarrilaren 18an, meza bikoitza izanen dute Endara auzoko San Anton baselizan, 10:00etan eta 11:00etan hurrenez hurren. Horrez gain, herrigunetik bi mendi irteera antolatu dituzte egun bererako. Alde batetik, Beti Gazte elkarteak ohiko San Antonera ibilaldi arautua antolatu du, bikoteka edo hirukoteka egin ahalko dena. 8:00etatik 8:30era izen emateak izanen dira (5 euro bazkideentzat eta 10 euro bazkide ez direnentzat) eta 8:30ean abiatuko dira txandaka. San Antonen berriz, jatekoa eta edatekoa izanen dute, elkarteak berak jarritako postuan. Bertzalde, Lesakako Gaztik taldeak mendi irteera ere antolatu du, 8:30ean. Herrian, 10:00etan, Onin Gaitariak taldearen eskutik dianak izanen dira, San Anton eguna girotzeko herrigunean. Azkenik, arratsaldez eta Plazan ere, Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañagarekin dantzaldia izanen da 17:30ean. 

Bezperan ordea, 12:30ean, San Anton egunaren seinalea eginen du soinulari taldeak eta kalejira eginen dute herrian barrena, musikaz efemeridea girotzeko.