Bihartik aitzinera Antoiu kaletik bideratuko da Lesakako trafikoa

Paola Oskoz 2026ko urtarrilaren 20a

Albistur kaleko obrak direlako eta, urtarrilaren 21etik aitzinera, Lesakako herrigunera sartzeko eta ateratzeko Antoiu karrikatik pasatu beharko da. Bi noranzko izanen ditu kaleak eta semaforo batek arautuko ditu pasabideak. Banaketako kamioi eta kamionetek fabrikatik pasatu beharko dira eta asteburuetan, kamioiak pasatu behar badira, herriko etxera deitu beharko dute baimena eskatzeko. Obrak lau hilabetez luzatuko direla aitzindu du Lesakako Udalak. 

Albistur kaleko obrak 2026 urtearekin batera hasi ziren Lesakan. Lehen lanek ez dute trafikoan eragin gehiegirik izan, baina bihartik aitzinera, lan nagusien hasmentarekin batera, Albistur kale nagusia moztuko dute eta trafiko guztia Antoiu karrikatik bideratuko da lau hilabetez. Semaforo batek arautuko ditu pasabideak, Antoiu kalea bi noranzkoetan erabiliko baita. 

Lesakako Udalak herritarrei eskatu die, ahal dela, joan-etorriak oinez edo bizikletaz egitea. Aldi berean, bi aparkaleku egokitu ditu Udalak, Osasun Zentroaren gibelean eta Suhiltzaile parkearen ondoan, autoak bertan utzi eta herrira oinez joan ahal izateko. Ikastetxeetako ikasle, familia eta irakasleengana ere zuzendu da Udała, ohar bidez. Hauei ere joan-etorriak oinez edo bizikletaz egitea aholkatu diete, baina kotxez joatea ezinbertzekoa bazaie, ikastetxeetatik irteteko hilerritik egitea eskatu diete, herri sarrerako biribilgunera ailegatu eta handik, herri barrenera berriz ere sartzeko, Antoiu kaletik joateko. 

Banaketa kamioi edo kamionetei dagokionez, Lesakako Udalak fabrikatik pasatzea eskatu die, herrigunera sartu eta bertatik ateratzeko. Asteburuetan berriz, kamioi bat pasatu beha bada, herriko etxera deitu behar duela jakinarazi du, baimena eskatu ahal izateko.