2016ko urriaren 24an ireki zituen berriz ere ateak Lesakako Liburutegi Publikoak, Nazioarteko Liburutegien egunarekin bat eginez. Efemeride horretan herriko etxeko ganbaratik Harriondoa kultur etxera lekualdatu zen, zerbitzua irisgarria izateko helburuarekin. Hamar urteren ondoren, irisgarria izatearekin batera, irekiagoa ere bada liburutegia, herriko eragile eta elkarteekin batera, mota desberdinetako ekitaldiak antolatzen baitira bertan. Aurten ere, horrela eginen dute hamargarren urteurrena ospatzeko. Kultur diziplina anitzeko ekitaldiz osatutako programa ondu baitute liburutegiak berak eta Lesakako Udalak, lan ildo berriekin bat datorrena gainera.
Herriko etxeko ganbaran kokatua zegoen orain dela hamar urte arte Lesakako Liburutegi Publikoa. Xarma berezia zuen lekuak, baina ez zen irisgarria eta soinu aldetik ere, zarata handiko espazioa zen. Horregatik beragatik, Harriondoa kultur etxearen eraikitzearekin batera, liburutegia bertan kokatzea erabaki zuten. 2016ko urriaren 24an ireki zuten berriz ere, eraberrituta. Markos Tantos gaur egungo liburuzainak leku berri honetan ezagutu du beti liburutegia, baina hala ere kontziente da aldaketak eragin positiboa izan duela herritarrengan: “Nik uste aldaketarekin irabazi genuela, halako espazio zabal eta eder honekin. Gainera, kultur etxean kokatuta dago eta hemen Musika Eskola eta Txokobiko aretoa ditugu, bertzeak bertze. Kiroldegia ere hurbil dugu eta hori erakargarria da erabiltzaile eta herritarrentzat”.
Tantosek bortz urte daramatza Lesakako liburuzain gisa lanean eta “oso polita” izaten ari dela azpimarratu du. “Hemen lan egitea opari bat da, leku ederra da eta jendea oso jatorra da, pribilegio bat da niretzat. Eragileak eta jendea ezagutzearekin batera, gure arteko elkarlana ere sendotuz doa eta nik uste dut hori garrantzitsua dela”, gehitu du liburuzainak. Izan ere, berarentzat liburutegia liburuak mailegatzeko espazio bat baino askoz gehiago da: “Liburutegia ez da soilik liburuak mailegatzeko edo irakurtzeko. Guk leku hau erreferentea izatea nahi dugu, jendeak jakitea hemen espazio bat duela edozertarako. Liburutegia tresna sozial eta eraldatzailea da. Hemen egiten dena epe ertain-luzean eragina du”.
Liburutegia zerbitzu publiko bat da eta, horrela den heinean, kultura irisgarri egiten duen espazioa da. Tantosek dioenez, “gizartean dauden desorekak orekatzen dira hemen edo ekiditen dira. Hemen guztiak dira ongi etorriak eta espazio hau elkarrekin egoteko eta solastatzeko da. Elkartze horretan indarra dago, elkarrekin pentsatzea inportantea baita. Gainera, adin tarte guztiak nahasten dira hemen eta espazio seguru eta polit bat da herritarrentzat. Horrek gidatzen gaitu gure eguneroko lanean”. Kontsumotik kanpo dagoen leku bat dela ere oroitarazi du liburuzainak eta horregatik beragatik, balio gehigarria duena gaur egungo gizartean: “Merkatutik at dagoen espazioa da eta hori da bere berezitasuna. Hemen jendea ez dago derrigortua ezer egitera eta garaiotan hagitz iraultzailea iruditzen zait hori. Hemen ez duzu azalpenik eman beharrik, ez duzu ezer produktiborik egin behar eta hori geroz eta ezohikoagoa da. Liburutegian ez duzu kontsumitu beharrik, ez duzu sarrera ordaindu beharrik eta, jakina bada ere, badirudi jendea ez dela horren jakitun. Espazio guztiz irekia da eta hori balore handia da”.
Euskaraz irakurtzea ezohikoa arnasgune den herri batean
Lesakak 2.700 biztanle ingura ditu eta horietatik %45ak du liburutegiaren bazkide txartela, Markos Tantosek argitu duen bezala, 1.500 pertsona inguruk. Azken urtean aldiz, 9.300 pertsona izan dira liburutegira sartu direnak eta 4.500 mailegu egin dira guztira. Liburuzainak dio “testuingururik gabe, datuek ez dute gehiegi erraten, baina azken bortz urteetan erabilera handitu da”. Hala ere, bereziki kezkatzen duen datu bat ere bada: “Irakurketari dagokionez, hain euskalduna den herri honetan, helduen artean euskarazko liburuen irakurketa ez da izan beharko lukeena. Maileguen %10a soilik dira euskaraz. Hemen ia guztiak euskaldunak dira, baina irakurketari dagokionez ikusi dugu ezetz”. Hurrengo urteetako lan ildoetan helburu hau ongi finkatua du Tantosek, euskarazko irakurzaletasuna sustatu nahi baitu berak. Dagoeneko haurrekin lantzen duten gaia da, adin desberdinetako irakurketa klubak dituelako liburutegiak, baina honek “epe ertain-luzean” emanen ditu fruituak.
Bitartean, datu hauekin, liburutegiaren norabidea zehaztuko dute. Bilduma osatzeko baliatzen ditu Tantosek erabiltzaileen ohiturak: “Bilduma gure tresnarik indartsuena da. Eratzeko irizpide batzuk ditugu, kualitatiboak eta kuantitatiboak direnak. Profesionalei begiratuz egiten dut hautaketa, betiere gure herriaren eta herritarren interesen arabera. Soziodemografikoki aurreikusten dena kontuan hartzen dut, parametroei, gaiei, hizkuntzari dagokionean eta hautaketa egiten dut. Nafarroan liburuzainak askatasuna du hori egiteko, eta nik beti erabiltzaileak ditut buruan, tartean Lesakan dauden bi irakurketa klubak ere, Arranokoa eta Beti Gaztekoa. Horrez gain, helburu batzuk ere ditugu, irakurzaletasuna sustatu nahi dugulako, baita balore jakin batzuk ere”. Liburutegia hornitzeko Lesakako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzak baliatzen dira eta horiek ematen dutenarekin egiten dira erosketak.
Herritarrak liburutegira hurbiltzen direla dio Tantosek, baina berak jende gehiago etortzea nahiko luke, gazteak adibidez. Dinamika orokortua omen da 14 urtetik gorakoek espazioa ez zapaltzea eta helburuetako bat bada ere, liburuzainak ez du oraindik harrapatu hori lortzeko gakoa: “14 urtetik gorakoak, ez badira ikasleak, ez dira etortzen. Liburutegi gehienetan ematen den dinamika da. Gazteek bertze interes batzuk dituzte, ikasketak tarteko. Beraientzat espazio bat dela erakustea da gure helburuetako bat, baina oraindik ez dugu argi nola lan egin horretan, ez dugu lortu beraientzat erakargarriak izatea. Pantailek eragin handia dute. Ez ditut gazteak demonizatu nahi, horrelako egoera batean bizitzea egokitu zaielako, baina paperean irakurtzeko zaletasuna sustatu nahiko genuke beraien artean, sakonagoa den irakurketa bat. Pantailetan irakurtzen dute, baina irakurketa hori zabala baldin bada ere, fina da”.
Urteurrena ospatzeko kultur ekitaldi andana antolatu dituzte
Irekiera berriaren hamargarren urteurrena ospatzeko urte osoko programazioa ondu du Lesakako Liburutegiak, Udalaren laguntzarekin. Urtarriletik abendura bitarte, kultur diziplina anitzeko ekitaldiz beteko da espazioa eta dagoeneko lehen bortz hilabeteetan izanen diren hitzorduen berri eman dute. Programa osatzea erraza izan dela onartu du Markos Tantosek: “Programa osatzea ez da zaila izan. Udalarekin elkarlanean gabiltza beti, erabateko adostasunarekin eta lan lerro berekin. Urte hau berezia izanen zela bagenekien eta horregatik, programa osatzeko, aurrekontua bikoiztu du Udalak. Nafarroako Liburutegi Saretik ere laguntza gehiago eman digute eta aitortza hori oso garrantzitsua da”.
Herritar guztiei zuzendutako jarduerak eginen dira, hitzaldiak, liburu aurkezpenak, antzerkiak, poesia errezitalak, eta abar. Hau guztia Lesakako elkarteekin elkarlanean sortu da eta harreman hori mantentzea espero du liburuzainak: “Eragile kultural guztiekin lankidetzan aritzeko prest gaudela jakitea nahi dugu, beraiek espazio bat dutela hemen eta gauzak antolatzeko prest gaudela. Hezkuntza zentroekin lanean gaude jada, baita irakurle taldeekin eta Xulufrinak talde feministarekin. Beraiekin sare bat sortzea da nire helburua eta bide horretan gaude, baina zerbait egonkorra izate nahiko nuke”. Izan ere, “indarrak batzea positiboa da eta kulturatik gauza asko egin daitezkeela” sinisten du Tantosek. Liburutegia zerbitzu publiko bat da eta, horrela den heinean, espazioak ez du zentzurik hutsik badago. “Leku erreferentzial bat izatea” nahi du liburuzainak, “kultura ez delako osagarria, funtsezko gauza bat baizik, gure buruak ezagutzeko, gizarte kohesiorako eta herrigintzarako”.
Hau da 2026ko maiatza bitarteko liburutegiaren programazioa: