Led Silhouette Lesakako dantza konpainiak Ultimatum bere azken lana estreinatuko du igande honetan, apirilaren 12an, herriko Harriondoa Kultur Etxean. Kultura Zuzendaritza Nagusiak – Vianako Printzea Erakundeak antolatutako DNA Nafarroako Dantza Garaikidearen 2026. edizioaren barrenean ondu du lana taldeak eta Lesakako Ernatu udaberriko dantza zikloaren azken aurreko emanaldia izanen da.
Martxel Rodriguez lesakarraren eta Jon Lopezen zuzendaritzapean, dantza, antzerkia eta zinea uztartzen ditu lan honek. Depresioa, indibidualismoa, zentzuaren galera eta gainbehera sozial eta ekonomikoa bezalako gaien inguruan ari dira dantzariak eszenatoki gainean. 2016tik konpainiak landu dituen bertze obra batzuen ildo beretik segituz, Ultimatumek ere, hondamendian sartuta dagoen mundu baten barrenean, gizartearen zaurgarritasunaren hausnarketa kritikoa egiten du, ikusleari oraina zalantzan jartzeko gonbidapena eginez. Obrak bakardadean eta isiltasunean murgilduta dagoen paisaia bat aurkezten du, non pertsonaien arteko harremanak proban jartzen diren identitatearen eta elkarren arteko zaintzaren arteko mugak ere erakutsiz. Irudi gogorrak bezain ederrak jartzen ditu oholtzan Led Silhouettek eta ikusleak ikusmenetik harago doan zentzumenen bidezko bidaia batera eramaten ditu.
Martxel Rodriguezekin eta Jon Lopezekin batera, Katalin Arana, Beatriz Mira, Edoardo Ramirez eta Nicolas Martinez dira interpreteak. Apirilaren 12an ikusgai izanen da lana, Lesakako Harriondoa kultur etxean, 19:00etan. Sarrerak salgai daude dagoeneko, 6 euroen truke Lesakako Udalaren webgunearen bitartez (www.lesaka.eus). Honen ondotik, Nafarroako Antzoki Sareko bertze eszenatoki batzuetan ikusi ahal izanen da obra: Agoitzen (apirilaren 19an), Castejonen (apirilaren 25ean) eta Berriozarren (maiatzaren 10ean).
Ernatu udaberriko dantza zikloa
Led Silhouetten Ultimatum Lesakako Udalak, herriko dantza taldeekin batera, bigarren aldiz antolatu duen Ernatu udaberriko dantza zikloaren azken aurreko emanaldia izanen da. Aitzinetik, Dantzari Ttiki eguna ospatu zen herrian (martxoaren 14an), baita kanpotik etorritako bertze dantza konpainien emanaldiak ere: Elirale konpainiaren Bota lanaren entsegu irekia (martxoaren 20an), Qabalum taldearen Todo este ruido lanaren emanaldia (martxoaren 21ean) eta La Banda Teatro Circoren Nuur lanaren emanaldia (martxoaren 22an). Ultimatum obraren estreinaldiaren ondotik, zikloa borobiltzeko, herriko Tantirumairu Euskal Folklore Taldeak urteroko helduen taldearen emanaldia eskainiko du apirilaren 18an, 17:30ean Lesakako Plaza Zaharrean (euria eginez gero, emanaldia Harriondoa kultur etxean eginen da). Aurten, berrikuntza gisa, Errenteriako Ereintza Taldea eta Azkoiti-Azpeitiko Sahatsa Taldea gonbidatu dituzte eurekin parte hartzera.