2026 urte hasiera zirraragarria izan du Maddi Ane Txoperena Iribarren lesakarrak. Urtarrila bukaeran Xilabako txapela irabazi zuen eta, bi hilabete eskasen buruan, Zaldi bat bere hirugarren nobela kaleratu du Txalaparta argitaletxearekin. Aitzineko bi eleberriekin gertatu bezala, honekin ere “bertigoa” sentitu du idazleak argitaratu berritan, nahiz eta orain artean ondutako lanekin ez bezala, oraingo honetan “lasai eta kontent” dagoen sortutakoarekin. Martxoaren 4an jarri zen salgai liburua eta geroztik, anitz dira testua irakurri dutenak, eta horren adierazle da argitaletxea bigarren edizioa prestatzen ari dela. Zaldi bat eleberrian, Mirenen ahotsa da protagonista. Ama izan berria da eta, medikuak gomendatuta, mendira joaten hasten da, bere buruarentzat denbora librea hartzeko asmoz. Mendira egiten dituen paseotan aurkitzen du zaldi bat, bost urte lehenago hil zen Unai bere laguna gogora ekartzen diona. Mirenen dolu prozesua hasten da orduan eta irakurleak Unai ezagutzen du, bere argi-ilun guztiekin.
Errealitatean oinarritutako fikzioa
Maddi Ane Txoperenak egiazko pertsona batean inspiratuta idatzi du eleberria: “Liburua idazten hasteko banituen hiru intuizio, ideia edo lehengai. Unai pertsonaia bera zen bat, egiazko pertsona batean inspiratuta dagoena, Joxe Anjel Zubiria Leiza. 2019ko abenduaren 24an hil zen, Unai bezala, eta bere heriotza berezia eta dramatikoa izan zen. Gainera, pertsona hagitz pertsonaiagarria zen, alde ilun eta argiak zituelako eta hori interesgarria iruditzen zitzaidan”. Aski ezaguna zuen Txoperenak Zubiria eta lagun baten heriotzak nola ukitzen gaituen landu nahi zuen bere lan honetan: “Lagun baten heriotzaren gaia landu nahi nuen. Hain sailkatua ez dagoen gai horren inguruan aritu nahi nuen, lagun baten heriotzaren aurrean non kokatu ez dakigunean alegia”.
Maddi Ane Txoperenaren literatura horrelakoa da beti, “kezka sortzen dion gai bat” hartzen du abiapuntu, normalean errealitatearekin zerikusia duena eta horri, “fikzio kapak gehitzen” dizkio. “Ezagutzen nautenentzat ariketa berezia da liburuak irakurtzea, tentazioa izanen dutelako jakiteko ea zer den egia eta zer ez. Ezagutzen ez nautenentzat berriz, fikziozko nobela bat da, bertzerik gabe”, aipatu du. Argi duena da galdera batzuk erantzuteko asmoz hasi zela idazten eleberri hau, bere azalean bizi zituen sentimenduetatik abiatuz, baina baita ezezagunak zituen kontuen inguruan ikasiz ere.
Dolua, amatasuna eta harremanak ditu, bertzeak bertze, hizpide lesakarrak nobela honetan. “Doluari dagokionez, pertsonalki bizi izan nuenez, erraza egin zait egitea, nahiz eta zailtasun emozionalak ere izan ditudan tartean, baina ez dut dokumentazio lanik egin”, dio idazleak. “Amatasunari dagokionez, adibidez, behatzen eta ingurukoei galdetzen aritu naiz. Ez dakit zergatik erabaki nuen Miren ama izatea, baina interesgarria iruditzen zitzaidan sortzen zaion tentsio hori, jaio berriarekin egoteko beharraren eta bere askatasunaren artekoa”, gaineratu du. Azkenik, zaldien inguruan gehiago jakiteko egin zuen dokumentazio lan gehiena Txoperenak: “Zaldien inguruan ere informatu naiz, gehiegi ez nekielako. Jon Lekuberriak lagundu dit horretan, Lesakakoa da bera, baina kanpoan bizi da. Zalditegi bat du Talavera de la Reinan eta han egon nintzen asteburu batez, zaldian ibiltzen eta zaldien inguruan ikasten”. Politak izan dira beraz, bidean ikasi dituen gauzak eta eleberria bukatuta, hasierako galderak biderkatu zaizkio orain Maddi Aneri, nahiz eta lasai dagoen horrekin.
Galdera bat erantzun nahian hasi zen, hain zuzen ere, Unairen pertsonaia ontzen: “Ideologikoki eta jarreran zure erabat kontra dagoen pertsona bat zure laguna izan daiteke edo bera maita dezakezu?”. Lesakarrak badu dagoeneko erantzuna, baina nahiago du irakurle bakoitzak bere hausnarketa egitea. Hala ere, errealitatean horrelakoak gertatzen direla onartu du eta hori da Unairekin ere gertatzen dena: “Errealitatean horrelakoak gertatzen dira, herri txikietan batez ere. Hirietan gehiago funtzionatzen dugu antzekoagoak diren pertsonak bilatuz, baina herri txikietan batzuetan ezinezkoa da hori. Nobelan ere naturalki sortu zen hori, Unairen oinarrian dagoen pertsona ere horrela zelako. Zubiria maite genuen, baina aldi berean, gorroto genuen. Haserretu ere egiten ginen berarekin eta horrela, moralik gabe, pertsona hori erretratatzen saiatu naiz, nik oroitzen dudan moduan”. Hori izan da helburua, azken finean, egiazko pertsonaiak erakustea, bere argi eta ilunekin.
Unai bere osotasunean ulertzeko beraz, alde on eta txar guztiekin, inguratu zuen testuingurua erakusten saiatu da lesakarra eleberrian, Lesaka herria bera ere bertze pertsonaia bat bezala hartuz. “Ez da gauza bera 2002an jaiotzea, Donostian eta emakume izanda; edo 1972an, Lesakako ostatu batean, aziendak dituen etxe batean eta gizona izanda. “Stop” kapituluan hori erakusten dut. Hamarkadaz hamarkada kontatzen dut nola eraiki den Unairen pertsonaia, bere testuinguru sozial eta politikoan. Hamarkada bakoitzean Lesakako ostatu desberdin batean agertzen da Unai. Pasarte motzak dira, baina memento bakoitzeko informazioa anitz ematen dute”, kontatu du.
Nobela fragmentarioa: doluaren eta memoriaren islada
“Anitzetan zaila izaten da egin duzuna zergatik egin duzun esplikatzea”, dio Maddi Anek, baina argi du nobelaren lehen zimenduak blokeo baten ondotik jarri zituela. Hasiera batean euren artean "koherentzia logikorik ez zuten” testu batzuk idatzi zituen eta Garazi Arrula Txalapartako editoreari pasatu zizkion egiten ari zenari zentzua bilatu asmoz. Honek idazten segitzera animatu zuen Txoperena eta horrela, “puzzle modukoa den Zaldi bat liburua” sortu da. Nobela fragmentarioa deitzen zaio puzzle moduko horri eta “dolua eta memoria” bizitzeko dugun moduari erreferentzia zuzena egiten dio, “modu zatikatuan” etortzen zaizkigulako biak. Hau ordea, ez zuen nahitara egin Txoperenak, baina egokia iruditzen zaio orain irakurle batek proposatutakoa.
Irakurleari ere “ahalegina” eskatzen dio fragmentario izaera honek. Azkar irakurtzen den liburua bada ere, patxadaz irakurtzea komeni dela ere adierazi du idazleak: “Agudo irakurtze hori niretzat ona eta pozgarria da, esaldien edo paragrafoen erritmoa egokia dela erran nahi duelako. Bertzalde, Zaldi bat historiaren artean dauden zatiek ahalegin bat egitea eskatzen dute. Kontziente nintzen hori gertatuko zela eta agian jendeak ez zuela ulertuko parte batzuetan nik buruan nuena, baina ez zait sobera inporta. Ez dut horiekin edukizko ulermen bat bilatzen, baizik eta sentsazio bat gelditzea eta jendeak pentsatzea zer ekartzen dion horrek gogora”.
Aske sentitzetik irakurria izatera
Errealitatean oinarritutako fikzioa idazterakoan, idazleari berari beldurrak sortzen ahal zaizkio ingurukoek idatzitakoa irakurtzean izaten ahal duten erreakzioagatik. Hori izan da Maddi Ane Txoperenaren kezka eleberria kaleratzeko mementoan: “Nire buruko min handietako bat izan da. Hortaz idaztea bertigoa sortzen zidan, pertsonaiaz hain modu identifikagarrian hitz egitea alegia. Ez nekien jendeak nola hartuko zuen”. Horregatik beragatik, “kontraste ariketa” bat egin zuen idazten ari zen bitartean. Liburuaren oinarrian dagoen pertsonaren ingurukoei testuak bidali zizkien Txoperenak eta hauen erantzuna ona zela ikusita, lasaiago segitu zuen lanean. Lesaka herriaren inguruan ere aritzen da idazlea eta, tartean, “gauza txarrak” kontatzen baditu ere horrek ez du hainbertze kezkatzen, “jendeak ulertuko baitu zergatik egiten dudan hori”.
Errealitatea ez fikzionatzeko ahalegina egiten duten bertze idazle batzuei ere eskerrak ematen dizkie Txoperenak bere azken nobelan, horien lana irakurtzea kolektibo baten parte dela sentiarazten duelako: “Bakardadean idazten ari nintzenean, gustura nintzen. Editoreak irakurria zuen testua, baina berak ez zuen testuingurua ezagutzen. Hurbileko jendeari erakusten hasi nintzenean, hauek segidan identifikatu zuten Zubiria eta bai, nik ez nuen ahaleginik egin hori ezkutatzeko, baina beldurrak hasi zitzaizkidan arriskutsua zela erran zidatelako. Horregatik ematen dizkiet eskerrak Miren Agur Meabe edo Annie Ernaux-ri, sekulako indarra behar delako beraiek egiten duten biluzte ariketa egiteko. Nirea ez da zehazki hori, fikzioa eransten baitiot, baina, modu xumeagoan bada ere, kolektibo baten parte naizela sentitzen dut haiek irakurtzerakoan”.
Hilabete eta erdi pasatu da idazle lesakarrak bere azken nobela argitaratu zuenetik eta geroztik, han eta hemen aurkeztu du bere lana. Horrez gain, jendeak irakurri du eleberria eta lehen erantzunak ere ailegatu zaizkio. “Pozik” dago Txoperena jasotako balorazioekin, aitzinetik ere hala zegoen arren: “Ni lasai eta kontent nengoen nire lanarekin. Hori ez zait orain arte pasatu eta sentsazio ona da”. “Argitaratu eta hurrengo bi asteetan beldurra” sentitu bazuen ere, “jendeak gauza onak” erran dizkio lan berriaren inguruan eta zoriontsu dago lesakarra. “Zabalpenarekin” ere berdin sentitzen da, izan ere, Txalaparta argitaletxea liburuaren bigarren edizioa prestatzen ari da jada. Aurkezpen gehiago etorriko dira hurrengo hilabeteetan, baita herrian bertan eginen duena ere: “Aurkezpen berezi bat egin nahi dugu, musikatua. Oraindik ez gara hasi prestatzen eta ez dugu datarik, baina aste honetan elkartuko gara lagun batzuk eta abisatuko dugu”. Hortxe utzi du Maddi Ane Txoperenak berekin eta Zaldi bat-ekin elkartzeko lesakarrek izanen duten hitzordua. Bitartean, Mirenen eta Unairen istorioan murgildu daiteke irakurle oro eta bereak egin bertan aurkituko dituen sentimendu eta emozio desberdinak.