Berriki zuzendaritza batzordea aldatu duen Lesakako Giltzarri Abesbatzak urteko ekitaldiekin segitzen du aitzinera. Isabel Lacar, Pili Iturbide eta Loly Oharrizek osatutako taldeari, orain, Nora Eneterreaga eta Maite Igarzabal batu zaizkie, lehenago zeuden Maite Zelaietaren eta Kontxi Ordokiren ordez.
Aldaketa hauetaz aparte, taldeak 2026ko ohiko ekitaldiei eutsi die eta oraingo honetan, IX Bortzirietako Abesbatzen Topaketa ospatuko dute. Larunbatean, maiatzaren 16an, izanen da Lesakako Harriondoa Kultur Etxean, 20:00etan. Bortzirietako kantariek osatzen duten Giltzarri Abesbatzarekin batera, Ezkio-Itxasoko Izazpe eta Donostiako Kantakidetza abesbatzak ariko dira kantuan.
Topaketa hau da abesbatzak urtean zehar egiten dituen ekitaldi finkoeta bat. Horrez gain, haurren tailerra eta topaketa, Lesakako eta Igantziko kontzertuak, Andra Mari Zahar Etxeko kontzertua eta irteera bat ere egiten dituzte. Azken hau Euskal Herrian edo Euskal Herritik kanpo izaten da, normalean Bortzirietako topaketan parte hartu duen abesbatzaren batekin elkartrukean egiten baitute.