Baztan, Malerreka, Bertizarana, Bortziriak, Irun eta Hondarribiako EH Bilduko komunitateko kideek Bidasoa Bat Egin eguna ospatuko dute Lesakan, heldu den igandean, maiatzaren 17an. Bidasoaldeko ezker independentismoaren aldeko kideak elkartzeko eguna izanen da, harremanak sendotu eta eskualdeko etorkizuneko erronkei elkarrekin aitzin egiteko aukerei ateak irekitzeko.
Egun osoko egitaraua prestatu dute horretarako. Lehen hitzordua 11:30ean izanen da, Beheko Plazan. Miren Zabaletarekin solasaldia izanen dute bertaratutakoek orduan. Ondotik, 12:30ean, Xabi Solano eta Jon Garmendia Txuria sortzailea errekaren ondoan ariko dira eguerdia musikaz girotzeko. 13:00etan berriz, Ekhiñe Zapiain eta Aitor Servier bertsolariekin kalejira eginen dute, baita Moltzoko txarangarekin ere. 14:30ean mahaiaren bueltan elkartuko dira bazkaltzera. Txartelak 18 euroan salgai daude Lesakako Arranon, Berako Purienean eta Elizondoko Intzan. Azkenik, egitaraua borobiltzeko, bazkalondoan Andoni Ollokiegiren kontzertua izanen da.
EH Bilduko komunitateko kideek Bidasoako herritarrei dei egin diete egunean parte hartzera.