Lesakako Udalak eta Irain Herri Eskolak sare sozialen bidez salatu dute, azken asteburuetan, eskolako instalazioetan izandako txikizioak. Euren "haserrea" plazaratzeko, elkarrekin ohar bat argitaratu dute erranez, "azken hilabeteetan maiz gertatzen ari den" zerbait dela. Jakinarazi dutenez, "herritar batzuk eskolako eremuan sartzen dira" asteburuetan eta "kalte material handiak eragiten dituzte, guztionak diren eta egunerokoan erabiltzen ditugun espazioetan: jolastokiko mahaiak eta bankuak erabat hautsiak, sarrerako eta baratza inguruko lorontziak lurrean eta sakabanatuta, lehioak eta pertsianak jabalina batekin xehetuak, auzolanean egindako trial parkea hondatua, espraiarekin lurra zdkindua, parkeko zorua erreta, kontenedoreetako zaborra sakabanatuta, etabar".
Espazio hauek, publikoak izanagatik, "ikastetxe orduetaz gain, herritar guztien erabilerarako egunero irekita" daudela onartu dute, "instalazio hauek denek erabili ahal izateko" direlako. Hala ere, "ekintza hauen aitzinean, eskolak eta udalak behar diren neurriak hartuko" dituztela ere azpimarratu dute, "txikizio hauek berriz gerta ez daitezen". Oharra bukatzeko, "eskolak elkarbizitzaren eta errespetuaren alde irakasten" duela aipatu dute, baina "heziketa etxean hasten dela" ere gaineratu dute. "Denon ardura da hauen erabilera egokia egitea eta espazio eta materialen zainketa".