Beti Gazte elkarteak xakea berpiztuko du Lesakan 2026 honetan, Javier Oiartzabal taldeko zuzendaritza taldean lanean aritu zenaren oroimenez. Elkarteak 1994tik 2003. urtera, hamar urtez segidan, Nazioarteko Xake Aktibo Txapelketa antolatu zuen. Orduan antolaketa lanetan eta xakean jokatzen aritzen zen Javier Oiartzabal Altzugarai lesakarra, joan den urteko urrian hil zena 54 urte zituela. Horrela bada, bere oroimenez, txapelketa hori berreskuratu du Beti Gaztek 23 urte beranduago. Ekainaren 20an, larunbatean, jokatuko da Lesakako XI. Nazioarteko xake aktibo txapelketa, Beti Gaztek antolatua, Lesakako Udalaren, Hondarribiko Marlaxka xake taldearen, Gros xake taldearen eta bertze zenbait erakunderen laguntzarekin.
Txapelketa Elo FIDErako baliagarria da, baina federatu gabeko jokorako ere gune bat prestatuko dute eta sariak zozketatuko dituzte. Izena emateko azken eguna ekainaren 17a izanen da. Horretarako posta elektronikoa bidali behar da torneosxake@gmail.com helbide elektronikora.
Ekainaren 20an, larunbatean 09:00etan izanen da hitzordua Lesakako udal pilotalekuan eta zazpi txanda jokatuko dituzte. Sari banaketa 14:10ean eginen dute. Lehen sailkatuak 200 euro eta garaikurra irabaziko ditu, bigarrenak 125 euro eta garaikurra eta hirugarrenak 75 euro eta garaikurra. Kategoriaren araberako bertze sari bereziak ere izanen dira. Araudia, izen-emateak eta informazio gehiago www.betigazte.net webgunean.