Neurri bereziekin ospatuko dute udako solstizioaren besta Lesakan

Paola Oskoz 2026ko ekainaren 23a

Udako Solstizioaren edo San Joan bezperaren ospakizuna eginen dute gaur, ekainaren 23an, eskualdeko zenbait herritan. Lesakan ere Euskara Batzordeak antolatutako egitaraua prest dute, baina beroaldiagatik neurri berreziak ezarri dituzte gaur bertan. Tartean, egitaraua ordubete gibeleratu dute eta su bakarra eginen dute, txikia, suhiltzaileek kontrolatuta. Beran berriz, bertan behera gelditu dira ospakizun guztiak.

Lesakako Euskara Batzordeak Udako Solstizioaren edo San Joan bezperako besta antolatu du aurten ere, ohiko egitarauarekin. Hala ere, azken orduetan neurri bereziak hartu dituzte beroaldiagatik, arriskuak ekidite aldera. Lesakako Udalak gaur goizean jakinarazi duenez, "tenperatura altuek eta dagoen sute-arriskuak eraginda, debekatuta dago herri osoan sua erabiltzea dakarren edozein jarduera (piroteknia, barbakoak...)". Hala ere, "herriko plazan eginen den sua" salbuespen bakarra izanen dela ere argitu du, bertan "suhiltzaileak eta segurtasun-neurri bereziak egonen direlako". 

Horrez gain, batzordeak antolatutako egitarau guztia ere ordubete gibeleratuko da eta 19:30ean hasi beharrean, 20:30ean hasiko da. Bertzela, ohiko ekitaldiak ospatuko dira ilunabarrean. Bortzirietako Bertso Eskolako ikasleek eta Lesakako trikipandero jotzaileek emanen diote hasiera ekitaldiari. Ondotik, batzordeko kide den Txoltxanek aurtengo adierazpena leituko du eta tobera eta txistu soinuen laguntzarekin, sua piztuko da, tenperatura altuagatik su txikia izanen dena.

Urtero, sua piztearekin batera, Euskara Batzordeak omenaldia eskaintzen dio herrian euskararen alde lanean aritzen den norbaiti. Aurten, Lesakako Liburutegiaren 10. urteurrena dela eta, Markos Tantos liburuzaina izanen da sua pizteko ardura izanen duena, irakurle gazte talde kide batzuekin batera. Hori eginda, ezpatadantzariek, txistulariekin batera, Sanferminetako dantza entsegua eginen dute suaren bueltan. Ondotik, afari autogestionatua eginen da plazaren bueltan eta bukatzeko, Alaitz, Gorka eta Hekthorrekin dantzaldia izanen da gauerdira arte.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ez dira suaren inguruan gerta daitezkeen istripuen arduradun izanen. Edaria ere izanen da eta norberak bere edalontzia eramatea eskatu dute antolatzaileek.

Beran bertan behera gelditu dira ospakizun guztiak

Beroaldia dela eta, Berako Udalak edozein su biztea debekatu du. Neurriak ekainaren 24ra arte luzatu dira, sute arriskuaren indizea muturrekoa baita, Nafarroako Gobernuko Babes Zibileko zerbitzuak jakinarazi duenez. Horrela bada, San Joan bezpera honetan, Beran sua aisialdi moduan erabiltzea debekatua egonen da, hala nola, barbakoak, piroteknia edota erromeriak egitea.