Beti Gazte elkarteak VII. Zubigaineko Kros Herrikoia antolatu du aurten ere. Larunbat honetan, ekainaren 27an, ospatuko da 11:00etatik aitzinera. Arretxeako plazatik abiatuko dira maila guztietako lasterkariak eta bakoitzak bere neurrira egindako ibilbidea osatu beharko du. Ibilbideak herriko subieran barrena izanen dira, motzagoak edo luzeagoak mailaren arabera: ttikiak (2022 urtetik aitzinera jaiotakoak) 200m; aurrebenjaminak (2019-2021) 300m; benjaminak (2017-2018) 450m; alebinak (2015-1016) 900m; juniorrak (2011-2014) 3000m; jubenilak (2008-2010) eta absolutuak (2008 urtera arte jaiotakoak) 6000m.
Sariei dagokionez, domina emanen zaie kategoria bakoitzeko emakume eta gizonezko onenei. Juniorretan, 60 euroko bonoa ere emanen zaie, jubenilentzat 75 eurokoa izanen dena. Kategoria absolutuan berriz, dominaz gain, trofeoa, Martikoko lotea eta 100 euroko diru-saria emanen zaie. Lesakar onenek ere izanen dute kamiseta bana saritzat. Zozketak ere eginen dira eta parte hartzaileen artean, kirol materiala eta Martikoko lote bat banatuko dira. Horrez gain, elkarteak jakinarazi duenez, korrikalariek dutxatzeko aukera izanen dute krosaren ondotik eta luntxa ere eskainiko zaie.
Izen emateak irekiak daude kronoak.com webgunearen bitartez. Jubenil eta absolutu mailakoek bertatik erosi beharko dute dortsala, ekainaren 26ko, ortziraleko, 17:00ak arte. Bertze mailetakoek berriz, egunean bertan eman beharko dute izena, Arretxeako Plazan 10:00etatik aitzinera.
Lasterketa hau Bortzirietako Koparako puntuagarria izanen da bigarren urtez segidan. Bortzirietako Kopa orain dela hiru urte sortu zen eskualdeko lasterketa herrikoien ligaxka da. Azken urteetan bezala, Zubigaineko Krosarekin emanen diote hasiera eta ondotik, Alkaiaga Trail (uztailaren 25ean), Berako Gau Krosa (abuztuaren 1ean), Agerrako Krosa (abuztuaren 29an) eta Lizuniagako igoera (urriarren 24an) ospatuko dira. Txapelketa joan den asteartean aurkeztu zen Beti Gazteko, Gure Txokoako, Manttaleko, Agerra Mendi Taldeko eta Alkaiagako jai batzordeko ordezkarien eskutik.
2024tik egin den bezala, Bortzirietako Kopak banakako sailkapena izanen du. Banakako azken sailkapen orokorrean egoteko, bortz lasterketetatik lautan parte hartu beharko da guttienez, eta lau lasterketetako posturik onenak hartuko dira kontuan. Horrez gain, bertze urte batez taldekako partaidetza sustatuko da eta gizonezkoak, emakumezkoak edo mistoak izan daitezke, eta kideak Bortzirietakoak edo bertze herritakoak izan daitezke.