Lesakako BTT Ibilaldiaren bertze edizio bat antolatu du aurten ere Beti Gazte elkarteak. Heldu den irailaren 13an, igandearekin, ospatuko da 9:00etatik aitzinera. Parte-hartzaileek bi ibilbide izanen dituzte aukeran, azken edizioetako berberak izanen direnak. Batetik, ibilbide motza egiteko aukera egonen da, 23,24 kilometro luze eta 770 metroko desnibela izanen duena. Bertzetik, luzea egiteko aukera ere izanen dute txirrindulariek, 37,1 kilometro luze eta 1414 metroko malda izanen duena. Biak ere Lesakako Plaza Zaharrean izanen dute irteera eta helmuga. Berrikuntza gisa, luzea egiten duten txirrindulari ausartenek Bizibideko jeitsiera bat gehitzeko aukera izanen dute, ibilbidea 42,84 kilometrora luzatuko duena eta 1.800 metroko desnibela izanen du.
Izen emateak irekiak daude eta soilik online egiteko aukera egonen da, www.kirolprobak.com webgunearen bitartez. Irailaren 11an itxiko dira hauek eta ondotik, parte-hartzaileek egunean berean bildu beharko dute dortsala, Plaza Zaharrean, 8:00etatik aitzinera. Proba bukatuta ere, herriko erdigunean luntxa, opariak eta zozketak egonen dira parte hartzen duten guztientzat, baita proba aitzinera eramateko laguntza eskaintzen duten bolondres guztientzat ere. Dutxa zerbitzua ere izanen dela jakinarazi dute Beti Gazte elkartetik.
Proba ez lehiakorra dela oroitarazi dute talde antolatzailetik eta beraz, bizikleta elektrikoekin parte har daitekeela azpimarratu dute. Horrela, adin txikikoek ere izanen dute irteera hartzeko aukera. 16 urtez azpikoek heldu baten laguntzaz osatu beharko dute ibilbidea eta 16-18 urte artekoek berriz, guraso edo tutoreen baimena sinatuta ekarri beharko dute dortsala biltzerakoan.
Azkenik, Beti Gaztetik eskerrak eman nahi izan dizkiete probaren antolakuntzan parte hartu duten laguntzaile eta bolondres guztieti, baita babesle guztiei ere, hala nola, Lesakako Udala, Katea Bike, Talleres Berrizaun, Lesakako kiroldegia, Helmuga, Sasoi eraikuntzak, Alco, Caja Rural, Ubiria eskabazioak, Excavaciones Javier Alzugaray, Martiko, GarmendiTX, Transtxakain eta Hirukide.