Ameriketara joandako euskal artzainei azken omenaldi besta eginen diete irailaren 27an Lesakan

Paola Oskoz 2026ko irailaren 2a

Orain dela hogei urte egin zuen lehen aldiz Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak eskualdeko artzainak omentzeko lehen besta Lesakan eta azkena egiteko ere eszenatoki bera aukeratu dute. Laura Igantzi elkarteko presidentea egon da, urtez urte, jaiaren antolakuntzan. Gurasoen grinak bultzatuta egin du bidea, Ameriketara joandako euskal artzainak omentzeko eta historiaren zati horren transmisioa egiteko helburuarekin. Etapa honi bukaera emanda, museoarekin eta martxan dauden bertze ikerketekin aitzinera segituko du.

2006an ospatu zen lehen aldiz Ameriketara joandako euskal artzainen omenez antolatutako besta. Lesakan egin zen, bortziritarrak baitziren hurbildu ziren artzain gehienak. Hori ikusita, bertze eskualdeetakoek ere erakutsi zuten hori euren herrietan egiteko interesa eta horrela, urtez urte, herri desberdinetan elkartu izan dira, hogei urtez, 500 bat lagun. Helburua beti izan da bera: artzain horientzat elkargune bat sortzea. Bidenabar ordea, belaunaldi berriei historiaren zati bat transmititu izan zaie, euskaldun horiek bizitakoa erakusteko eta egindako balentriak goraipatzeko. Bestaren antolakuntza ordea, geroz eta zailago egin zaio Laura Igantzi Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko presidenteari eta beraz, urtemuga berezi honetan ekintzari bukaera ematea erabaki du, hasi zen leku berean. 

Laura Igantziren gurasoak izan ziren 23 urterekin, ezkondu berritan, Ameriketara (Dixon, Kalifornia) joan zirenak, aitak artzain gisa lan egin zezan. Igantzi eta bere senideak bertan sortu ziren, baina txikiak zirela Lesakara bueltan etorri ziren guztiak. Familiaren historiaren zati hori ezaguna zuten etxean, baina ez ziren horren garrantziaren kontziente izan 2005ean aita Arantzazun egin zen munduko mailako artzaintzari buruzko kongresu batera gonbidatua izan zen arte. “Guk bagenekien han sortuak ginela, eta nire attak batzuetan abenturak kontatzen zituen, baina ez genuen baloratua. 2005ean Arantzazura gonbidatu zuten, bertan ospatu zen mundu mailako artzaintzari buruzko ekitaldi batera. Sunbillakoak harrapatu genituen bertan eta hor jakin genuen Lesakan bazirela Ameriketara joandako pila bat. Egun batean, Irubidera joan ginen, Ebaristo Otxotekorekin egotera, eta zerrenda bat osatzen hasi ginen. Atta eta biak hango kontuez solastatzen hasi ziren, nik, alaba izanik ere, ez nekizkienak. Hori altxorra zela ikusi nuen eta liburu bat egitea pentsatu nuen, baina Bortziri mailan. Aldi berean atera zen bazkari bat egiteko asmoa ere”, dio Igantzik. 

Bazkari hori ospatu zen 2005ean, Lesakako artzainekin batez ere. Hogei bat lagun bildu ziren orduan eta Igantzik dio “berezia” izan zela hura, bere aitak ezagutu zuen bakarra izan zelako. Hori eginda, Lesakan egindako besta horretan parte hartzeko nahia erakutsi zuten bertze herrietan, baita bertze eskualdeetan ere, eta 2006rako ekitaldi handiago bat antolatzen hasi ziren. Elkarteko presidenteak aitarekin batera prestatu zuen guztia, baina bi aste lehenago zendu zen eta lehena ekitaldi handia izan zen besta horren inguruko oroitzapen guti ditu alabak: “2006an antolatu genuen lehena eta bi aste lehenago atta hil zen bat-batean. Ni ez nintzen sobera kontura nola joan zen eguna, baina denak emozioz bizi izan zutela zioten. Nire ama ere bertan egon zen eta bera izan zen honekin segitu behar nuela erran zidana, attari omenaldia egiteko”. Horrela egin da beraz, urtez urte, hogeigarren urteurrena bete arte. 2021az geroztik ordea, ama ere galdu zuenean, Laura Igantzik motibazioa galdu zuen pixka bat: “Erantzukizun handiko besta da. Gure antolatzeko moduagatik, dirulaguntzak ere behar ditugu eta geroz eta gehiago estutzen dute. Jendea ere falta da. Ama zen nire akuilua eta, 2021ean hil zenean, motibazioa joan zitzaidan. Iaz aipatu nuen azkeneko besta izanen zela, baina nire alabak erran zidan Lesakan hasitakoa Lesakan bukatu behar zuela eta konbentzitu ninduen. Hogei urte dira atta hil zela, beregatik hasi zen dena eta borobiltzeko aitzakia ederra dela ikusi nuen”. 

Ohore zuri, euskal artzaina! Ohore zuri, atta! lelopean beraz, bere aitari eta artzain guztien seme-alabei dei eginez, euren omenezko azken besta ospatuko dute irailaren 27an Lesakan. Helburua, urterokoa izanen da, artzain horientzat elkargune bat sortzea eta beraien ondorengoei erakustea familien historiaren zati hori. Egunaren egitaraua ere prest dute. 10:00etan ailegatuko dira autobusak herrira eta ongi etorria egin ondotik, hamaiketakoa eginen dute Lesakako Plaza Zaharrean, Elutxa txarangak alaiturik. Kioskoan pantaila bat egonen da, Koldo San Sebastianek prestatutako irudi batzuk erakusteko, baita karro eta tipi bat ere, euskal artzain horiek izandako bizimoduaz gehiago jakiteko. 11:45ean, Tantirumairu Euskal Folklore taldeko Ezpatadantzariekin mezara joanen dira. Han Lesakako Abesbatzarekin batera, Bankako Menditarrak eta Erramun Martikorena ariko dira kantari. Zubigainekoa ikusteko aukera izanen da eguerditan eta ondotik, frontoira lekualdatuko dute besta, “ezinbertzekoa” den High-balla hartuta, mahaiaren bueltan esertzeko. Ondotik, musika izanen da berriz ere protagonista, baita zozketak eta sorpresa gehiago ere. Sorpresen artean, Igantzik aitzindu du, goizean “Lesakako zaldun bat zerbait prestatzen ari dela, ikuskizun bat”, baina jakin-mina piztuta utzi nahi izan du. 

Azken besta izanda, jende gehiago bilduko dela uste du Laura Igantzik: “Pandemia baino lehen 500 bat lagun biltzen ginen. Horren ondotik, 350 inguru izan ditugu. Azkenekoa denez, erran didate Amerikatik ere etorriko direla batzuk eta inoiz etorri ez diren familietako bilobak ere etortzeko asmoa dutela. Uste dut 400era ailegatuko garela”. Irailaren 20ra arte egonen da bazkarirako txartelak eskuratzeko aukera, eta “urtero zonaldeka izaten ditugun pertsona berak salduko dituzte”. Txartel horietan autobusa behar den edo ez azaldu beharko da, horren arabera antolatzen baitituzte ondotik autobusek Lesakara ailegatzeko egin behar duten ibilbidea. 

Oroitzapen politak biltzea espero du Igantzik aurtengo edizio honetan, eta “jendea zapore gozoarekin” etxera bueltatzea. Hala ere, irailekoa azken besta izanen bada ere, elkarteak bere transmisio eta ikerketa lanekin segituko duela ziurtatu du presidenteak: “Aurten hiru liburuen aurkezpenak izanen ditugu. Bat urrian, Erronkaritik Ameriketara joandako artzainen ingurukoa, editatua dagoena jada. Gero, labean daude Malerrekatik joandakoena eta berriz ere Bortzirietatik joandakoena”. Bere garaian bortziritarren liburua kaleratu zuten, baina orain testigantza gehiago bildu dituzte. “Koldo San Sebastianen eskutik, eta bere datu-basea ikusita, 600 pertsona baino gehiago daude izendatuak”, gaineratu du Igantzik. 2027ra begira ere, bizikletaz edo oinez egin daitekeen ibilbide bat prestatua dute elkartean, migrazioa pairatu zuten herrietatik pasatuko dena: “Seinalizazioa faltako da, baina aplikazio bat izanen da. Emigrazioa pairatu zuten herrietatik pasatuko den ibilbide bat da, bizikletaz edo oinez egiten ahal dena. Tartean, informazioa egonen da, historia horien inguruko testigantzekin”. Horrela bada, gure historiaren zati hori azaleratzeko lanetan segituko dute Euskal Artzainak Ameriketan elkartean, gure arbasoek egindako balentrien inguruko istorioak ezagutu daitezen eta behar bezala baloratu.