Bixente Igarzabal Villanueva kirolari lesakarra Suitzako Alpeetan zendu zen atzo, igandean, izandako mendi istripu batean. Eguerdian, Gross Kastel mendia (2.830 metro) igoa zuen, bertze mendizale batzuekin batera, eta jeisterakoan gertatu zen ezbeharra. Beti Gazte elkartean saskibaloian, sokatiran, eta triatloilari gisa aritua zen eta hogeita hamar Ironman ere eginak zituen. Azken urteetan, goi mendietan ibiltzeko zaletasun handia zuen eta Pirinioetako eta Alpeetako goi mendietan ibilia zen. Albisteak samina eragin zuen atzo arratsaldean Lesakan.
Mendizale izateaz gain, 1990. hamarkadan Beti Gaztek izan zuen saskibaloi taldean aritu zen Igarzabal eta sokatiran ere lehiatu zen. Hain zuzen, Nafarroako, Euskal Herriko eta munduko txapeldun izan zen sokatirako taldearekin. Txirrindularitza zalea zen eta lasterka ere ibilitakoa. Batez ere, distantzia luzeko triatloiak, ironman direlakoak (3,8 km igerian, 180 km bizikletan eta maratoia lasterka), egin zituen, 2008az geroztik. Orduan egin zuen lehena Nizan (Frantzia) eta geroztik, hamabortz bat urtez, hogeita hamar ironman osatzea lortu zuen (hogeita hamargarrena Gasteizen egin zuen 2023an). Ironbask proba irabazi zuen 2012. urtean eta hirugarren izan zen 2013an. Altriman proban bigarren izan zen 2012an, bosgarren 2011n eta laugarren 2014an.
Azken urteetan, konpetizioa utzi eta mendian ibiltzen zen gehien bat, bizikletarako zaletasuna erabat alde batera utzi gabe. Mendian, inguruko bertze hainbat mendizalerekin ibilia zen eta hagitz maitatua zen. 2018an ere, bere kirol jarduera saritu zuen Lesakako Udalak, sanferminak abiatzeko txupinazoa botatzeko ardura emanez. Kontent hartu zuen Igarzabalek izendapena eta TTIPI-TTAPAk garaian egindako elkarrizketan zioenez, «ez nuen inola ere espero, niretzat ustekabe atsegina izan da. Hasieran pixka bat izitu nintzen, errespetu handia ematen zidan. Baina aldi berean, ohore ikaragarri handia da txupinazoa botatzea. Ez dakit gauza handiagorik bizi izan ahal izanen dudan inoiz». Orain ere, albistea jakin bezain agudo, familiarekin harremanean jarri da Lesakako Udala eta Suitzatik herrira ekartzeko zereginetan laguntzeko prest agertu da.
(Informazioa: erran.eus)