Gure Zirkuak bederatzi emanaldi eskainiko ditu Lesakan hurrengo hiru asteburuetan

Paola Oskoz

Baigorrin lehen aldiz izan ondotik, bigarrenez eginen du Gure Zirkuak geldialdia  Lesakan. Irailaren 11tik 26ra, bederatzi aldiz oholtzaratuko dira artistak eta orain dela bi urtetik hona guztiz eraberritu den emanaldia eskainiko dute. Hala ere, zirkuaren esentzia bihurtu direnak mantenduko dituzte, Gure Zirkuan arnasten den magiak etenik izan ez dezan. 

“Gure Zirkua heldu da!” kantatzen hasiak dira dagoeneko lesakarrak. Herritik ateratzerakoan eta herrira sartzerakoan, urrutitik ikus daitekeen, eta dagoeneko ezaguna duten, xapitoa altxatu baita. Gure Zirkua Lesakara ailegatu da bigarrenez eta herritarrei, hiru asteburuz, bederatzi emanaldi eskaintzeko prest daude bertako artistak. Irailaren 11tik 26ra izanen dira Bortzirietako herri honetan bederatzigarren denboraldiarekin eta orain dela bi urtetik hona guztiz eraberritu duten emanaldia erakutsiko dute.

Baigorritik Lesakarako bidea egin du azken egunetan Gure Zirkuak, eta oraindik gogoan dute Baxe Nafarroan egindako lehen geldialdi hori. Iker Galartza zirkuko sortzaileak aitortu du “oso ondo joan” dela, eta “zabalkuntza ikaragarria” izan duela bertako egonaldiak. “Baxe Nafarroatik, Xiberutik, baita Baztandik ere hurbildu dira euskaldun pila bat eta txoko zoragarria da”, gaineratu du. Publikoan, Lesakan gertatzea aurreikusten duten moduan ere, “aitatxi-amatxi asko” animatu dira emanaldietara, horrelako herri txikietan Gure Zirkua ailegatzea “benetan gertaera berezia” delako herritar guztientzat.

Lesakan ere horrela izan da, dagoeneko ongi-etorria egin diete herritarrek artistei. Orain dela bi urte bertan izan zen zirkua eta herriko haurren bisita izan dute azken egunetan,  karpa muntatzen ari zirela. Eurek ere herrira hurbildu dira, bertakoekin egotera, geldialdi hartako oroitzapen onak dituztelako. Hain zuzen ere, gaixo egon zen uda hura ekarri du gogora Galartzak, “sudur gorria janzteko” baitago oraindik herrian: “Lesakako oroitzapen oso onak ditugu. Orain dela bi urte, ni gaixo egon nintzen uda hartan, ospitaletik atera eta lehen herria Lesaka izan zen. Ni ere hona etorri nintzen, etxean bakarrik egoteak ez zuelako zentzurik. Etorri nintzen, baina ez nuen parte hartu, ez bainintzen lanerako gai. Inbidia pasatu nuen eta orain, hasieratik gozatzen ari naiz. Antzezteko desiotan nago”. Horrela bada, Iker Galartzarentzat estreinako aldia izanen da Lesakako oholtzan gainean eta “arantzatxo bat kentzeko” modua izanen du, berak dioen moduan, “askatzekoa”. 

Herritarrek ikusi ahal izanen dutenaren berri eman du Gure Zirkuko sortzaileak: “Orain dela bi urte Lesakan egon zen publikoak emanaldi guztiz diferentea ikusiko du aurten. Beste dekoratu bat, beste saio batzuk, beste esketx batzuk… Bi urtetik behin erabateko aldaketa egiten baitugu”. Abisu bat ere eman du Galartzak, Donezteben izan baitziren iaz eta eskualdeko jendea bertara hurbildu zenaren jakitun da: “Iaz Donezteben izan zenak, agian, gauza pare bat antzekoak ikusiko ditu”. Edonola ere, aldiro-aldiro, aldaketak egiten dituzte emanaldietan, herri bakoitzak bere berezitasunak dituelako eta beraiek ere, artistak diren heinean, euren saioak hobetzeko eta aldatzeko etengabeko ahaleginean daudelako. “Buruari asko ematen diogu eta emanaldiak berritu egiten ditugu. Hori ona da, bizirik gaudelako. Ilusioa, bizipoza eta motibazioa mantentzen ditugu beti eta horrela, aldaketak naturalak dira”, dio Galartzak. Gure Zirkuak, hala ere, bere esentzia mantenduko duela onartu du Poxpoloren pertsonaia haragitzen duenak: “Aldaketak egiten ditugu, baina ez gara beste norabait joaten. Hona sartzea magia da. Giroan magia arnasten da. Gure Zirkua hasten denean ere hori nabaria da eta bukaera arte mantentzen da. Ereserkia ere egongo da, hori baita Gure Zirkuaren esentzia ere”.

Irailaren 11n, ortzirale honetan, eginen dute lehen emanaldia eta bitartean, muntaketa lanetan ariko dira. Dagoeneko xapitoa altxa dute, euria egiteko arriskua zegoelako, eta orain barrenekoa jantzi behar dute. “Muntaketa astea gogorrena” dela aitortu du Galartzak, eta behin dena txukun dagoela, euren gustuko lana hasten dela, entseguak egin eta emanaldia bera errepasatu %100ean oholtzaratzeko. Tartean, herrira paseo batzuk emanen dituzte, hori maite dutelako, “herriko jendearekin harremantzea”, gero harmailetan eseriko direnekin konexioa magikoa izateko. Hain zuzen ere, harmailetan eserita egoteko, Lesakako emanaldietarako sarrerak salgai dituzte orain dela aste batzuetatik hona. Irailaren 12rako saiorako agortuak daude, baina bertzeetarako oraindik gelditzen dira tiket batzuk. Iker Galartzak herritarrak eta eskualdekoak animatu ditu Gure Zirkura eta, webgunetik erosten ez duenak, txarteldegian eskuratu ahal izanen dituela oroitarazi du, emanaldia baino bi ordu lehenago irekiko baitute leihatila gelditzen diren sarrera guti horiek saltzeko.