Altxalili kabareta lehen aldiz Lesakan izanen da bere ikuskizuna eskaintzen. Xulufrinak herriko talde feministak antolatutako hitzordua izanen da eta larunbatean ospatuko da, irailaren 26an, Harriondoa Kultur Etxeko komentuan. Emanaldia 19:30ean hasiko da eta urririk izanen da. Ipar Euskal Herriko drag mugimenduaren aldeko kolektiboak dantza, musika eta bakarrizketak uztartuko dituen ikusgarria oholtzaratuko du, euskal kulturan eta landa eremuan oinarrituta. Izan ere, LGTBIQ+ mugimenduak espazioak okupatzea da Altxaliliren helburua, herri txikietako kolektiboko kideak sexiliora behartuak izan ez daitezen eta horretarako, babesleku ere izan nahi du emanaldiak.
Lehen aldiz Lesakan izanen da Altxalili kabareta. Nafarroa iparraldean egiten duten bigarren emanaldia da, lehena Elizondon egin baitzuten orain dela urte batzuk. Alex Artzelus Altxaliliko kideak jakinarazi duenez, “ez baitugu anitz hitzordu egiten, ez gaude aste hondar guztietan emanaldiak egiten. Orduan, Nafarroa Iparraldean egiten dugun bigarrena da. Baztandik Bortzirietara joanen gara”. Bortzirietako herrian eginen den ikuskizunean bizi ahal izanen dena hobeki ulertzeko, Altxalili taldearen sorreraz ere mintzatu da Artzelus: “Anitz kasualitateen ondorioz izan zen. Artzain lanak ikasten ari nintzen Xiberuan eta beste lagun xiberutar batekin Atharratzen LGTBI egun bat egitea pentsatu genuen, bazterrak inarrosteko. Prefostakoekin hitz egin genuen eta egun hori egitea proposatu genuen. Ikusgarri bat ere egin genuen egun horren laguntzeko eta izugarri huntsa pasatu genuen. Familia ginela arrunt iduritzen zitzaigun. Gure kolektiboa baztertua izan da gizartean eta laborantza munduan, herri ttipi batean, babes hori ikusteak indarra eman zigun. Aterabide bat ikusi genuen, ez ginela bakarrak ere, eta jende anitzek sustengatzen gintuela. Gure ber sentimendua zuten eta ezker-eskuin emanaldiak egiten segitzea pentsatu genuen”.
Artzelus Bergaran sortua da, Garaziko hizkeran mintzatzen bada ere, eta bertze lurraldeetan denbora pasaz ikusi du kolektiboko kide guztiek “ber istorioa ukan” dutela. “Azpeitian hazi nintzen eta diagnostiko bat egin zuten bertan. Emaitzekin beldurtuak ginen denak. Ezin genuen naturalki mutilik ezagutu eta baztertuak izan ginen, behartuak ere hirietara joatera”, gaineratu du. Sexilioa deitzen zaio fenomeno horri eta hori pairatu zuela dio sortzez bergararra denak. Hala ere, kontraesanez beteta egin zuen kanpora bidea: “Denak ukan dugu ber sentimendua, herritik joan beharra libre izateko. Baina, ber momentuan, herrikoak gara. Nik biziki maite dut euskal kultura, baita trikitia ere, eta kanpoan horiek ezin nituela uztartu ikusi nuen”. Hortik abiatu dute Altxalilikoek euren ikuskizuna, eta hori da egin nahi dutena, “landa eremuari kliska egitea, sexilioarekin finitzeko eta bertan goxo bizi ahal izateko”, betiere euskal kulturan oinarrituz.
Aldarrikapenek lekua badute emanaldian, naturalki ateratzen direla onartu du Artzelusek, helburua lehenik gozatzea izaten baita oholtza gainean egoten diren hamar kiderentzat. Ikuskizuna “saio ttipiez osatutako gauza bat” dela azpimarratu du kideak, artista bakoitzak egiten duen saioez hain zuzen ere. “Kolektiboki ere egiten ditugu gauzak, baina bakoitzak bana edo bina saio egiten ditugu, eta bata bestearen segidan jarrita osatzen dugu guztia. Bakoitzak nahi duen horretatik abiatzen du lana”, adierazi du. Oholtzan, dantzak eta musikak leku handia duela aipatu du, baita bakarrizketek edo “hitzezko saioek” ere, “performantziak” alegia.
Lesakan, Harriondoa Kultur Etxeko komentuan eginen dute emanaldia. Garai batean mojen etxea zen lekua eta, zehazki, horren barrenean zegoen eta gaur egun desakralizatua dagoen elizan izanen dute publikoarekin hitzordua. Altxalilikoek ez dute “espresuki xerkatu” hori horrela izatea, baina “mentura hori” dutenean “izugarri gogoz egiten” dute. “Nik bereziki maite dut elizen barrenean den arte guztia. Organo eta koruak ere izugarri maite ditut eta, funtsean, aldarrikatzeko manera bat da hori ere. Eliza ofizialak ez ditu gure eskubideak errespetatzen eta ez garela beraien onarpenean sartuko aldarrikatuko dugu bertan, gure presentziarekin”, dio Artzelusek. Aldi berean, elizaren barrenean “apaiz gay-ak eta serora lesbianak” egon direla oroituko dute horrekin eta “beraientzat omenaldi bat izanen” dela baieztatu du kideak.
Honekin guztiarekin beraz, Altxaliliren emanaldia ikustera hurbiltzeko deia luzatu die eskualdeko bizilagunei. Baztan, Malerrekan eta Bortzirietan “kolektiboko jendea mugitzen ari dela” ikusi du Artzelusek eta “geroz eta sexilio gutiago” badela ere nabarmendu du: “Gure lekua egiten ari gara eta ez gara gibeleratuko”. Emanaldia aitzina pausua ematen duten horiei guztiei eskerrak emateko baliatuko dute, nahiz eta adierazi duenez, “jende guztiak badu lekua” bertan. “Elkarrekin goxatzeko, elkarrekin komunitatea sortzeko eta momentu on bat pasatzeko parada” izanen baita, “indarrak bil ditzagun eta aitzinera segi dezagun” denontzat eskubideak lortzeko bidean.