Kantu Zaharren III. Eguna ospatuko dute Lesakan urriaren 10ean

Paola Oskoz

2024an ospatu zuten lehen aldiz herrian Kantu Zaharren Eguna, musikazale talde baten ekimenez. Lehen edizio horrek 160 lagun bildu zituen, baita iazkoak ere. Arrakasta duen ekitaldia dela ikusirik, aurtengo egitaraua ere prest dago. Urriaren 10ean ospatuko da eta zenbait berrikuntza izanen ditu. Hala ere, protagonista berak izanen ditu egunak: kantua, musika eta dantza.

Kantu Zaharren III. Eguna ospatuko dute Lesakan, heldu den urriaren 10ean. 2024an antolatu zen lehen aldiz ekitaldi hau, Lesakako musikazale talde baten ekimenez, eta bi urtez izan duen arrakasta ikusirik, hirugarren edizio bat aitzinera eramateko prest daude herritarrak. Egun osoko egitaraua ondu dute, musikaz eta kantuz bustia egonen dena. Goizetik ibiliko dira herrian barrena soinularien laguntzaz eta bazkalondoan, ordu ttikiak bitarte, Anjel Mariezkurrena, Jalisko, Beñat Mitxelena eta Frantzisko Santxotena izanen dira musika jotzeaz arduratuko direnak. Tartean, sorpresaren bat egonen dela ere aitzindu dute talde antolatzailetik. 

Maider Goizueta lesakarra da Kantu Zaharren Eguna antolatzen aritu den kideetako bat. Soinularia da bera eta beti izan du kantu zaharrekiko afizioa. Horrek bulkatu zion horrelako egun bat antolatzera herrian: “Niri betidanik gustatu izan zaizkit kantu zaharrak. Ikusten nuen ondoko herrietan eta inguruan hasiak zirela horrelako egunak antolatzen eta lagun bati aipatu nion ideia. Berak baietz erran zidan, baina biontzat bakarrik lan handia zen. Inguruko bertze batzuei aipatu genien eta azkenean, sei lagun elkartu ginen eta eguna antolatu genuen”. Hortik aitzinera, urtero elkartzen dira seiak hitzordu hau antolatzeko.

2024an ospatu zuten lehen aldiz Kantu Zaharren Eguna eta urduritasunez oroitzen du Goizuetak lehen edizio hura: “Urduritasun eta beldurrez betea izan zen lehendabiziko edizio hura. Ekitaldi hau proposatu genuen jakin gabe zein erantzun izanen zuen eta horrek beldurra sortzen zigun. Hasteko, bakarrik antolatzeagatik, gastu finko batzuk genituen eta horri aurre egin behar genion. Egun osoko besta bat baita eta liburuxkak, painuluak edota zozketak egiten dira. Horrek denak badu kostu bat, baina aldi berean, ez genien parte hartzaileei gehiegi kobratu nahi. Galerak edukitzeko arrisku puntu bat zegoen, baina aitzinera atera genuen eta defizitik gabe gainera, jendeak ongi erantzun baitzuen”. Izan ere, 160 lagun bildu ziren mahaiaren bueltan lehen edizioan eta azkenean, egun “hunkigarria eta polita” izan zela aitortu du Goizuetak. 

Lesakan kantuarekiko, musikarekiko eta dantzarekiko afizioa dagoela erakutsi zuten egunean parte hartu zutenek eta, lehen edizioa bukatu ahala, hurrengoan pentsatzen hasi ziren guztiak. “Jendea etortzen zen mesedez eskatzera hurrengo urtean ere antolatzeko”, dio antolatzaileak. Horrek “indarra” eman ziela ere onartu du eta 2025a hastearekin batera, bigarren edizioa prestatzen hasi ziren. “Beldurrik eta urduritasunik gabe” egin zuten aitzinera iaz eta bertze 160 lagun inguru bildu zituzten, berriz ere arrakastaz betetako egunean. Berritasunik ere izan zuten iazkoan, aitzinetik prestatua ez bazegoen ere: “Frantzisko Santxotenak musika jotzen segitu zuen afalondoan ere eta ordu ttikiak arte egon ginen han. Bizpahiru orduko emanaldia izan behar zena, bost ordukoan bihurtu zen eta aurten gauza bera egitea pentsatu dugu”. 

Urriaren 10ean ospatuko da aurtengo edizioa, hirugarrena, eta dagoeneko prest dute egitaraua. Goizean goiz, mahaiak eta aulkiak paratzeko elkartuko dira lehenik. Izan ere, aurtengo berrikuntzetako bat lekua izanen da. Koxkontatik Alondegira lekualdatuko baitute besta. Goizuetak aldaketa hau egiteko arrazoi bat baino gehiago daudela aipatu du: “Koxkontako jabeak aurten bertan ezin izanen genuela antolatu erran zigun lehenik. Hori ikusita, zalantzan jarri genuen eguna, baina jendeak berriz ere eskatu zigun antolatzeko. Pentsatzen hasi ginen eta, Beti Gaztek bere eguna Alondegian egin zuela ikusirik, guk ere horrela egitea erabaki genuen. Horrenbertze jendearentzat toki bat edukitzea hagitz zaila da herrian, eta ez genuenez kopurua murriztu nahi, kanpoan egitea pentsatu genuen. Eguraldi hagitz txarra eginez gero, frontoian egitea da bigarren aukera”. Bigarren arrazoia, “musika herritik herrira egitea” izan zen. Koxkontan “isolatuak” gelditzen zirela adierazi du Goizuetak eta horrela, “musika bazkarian ez daudenei ere kutsatzeko aukera dagoela” azpimarratu du. 

Dena prest utzita, 11:00ak aldean, Andra Mari Zahar Etxeko egoiliarrei bisita eginen diete, beraiek ere egunaz gozatzeko aukera izan dezaten. 12:00etan, plazan hasiko dute ostatuz ostatu eginen duten kalejira eta, 14:00etan, mahaiaren bueltan elkartuko dira. Jana, kantu, musika eta dantzarekin uztartuko dute, eta horrela ibiliko dira ordu ttikiak bitarte. Urtero bezala, musika jotzen Anjel Mariezkurrena, Jalisko, Beñat Mitxelena eta Frantzisko Santxotena izanen dituzte. Bertsolariak ere izan dira bertze urteetan protagonista, herriko Manolo Arotzena eta Juan Mari Lopez izan baitira bertsotan lehen bi edizioetan. Honen harira, aurtengoan, “sorpresaren bat” egonen dela aitzindu du antolatzaileak. Honez gain, zozketak eta bertzelako kontu “espontaneoak” egonen direla erran du Goizuetak irriz. 

Dena iatsu prest dute beraz, Kantu Zaharren III. Egunerako. Bazkarirako saldu diren txartelen dirua biltzea gelditzen zaie antolatzaileei, zenbat lagun bilduko diren zehazteko. Dagoeneko aurreikuspen bat egin du Goizuetak eta 120 bat izanen direla ziurtatu du. Orain, aste honetan, azken ukituak ematea faltako zaie, painuluak, liburuxkak eta opariak prest uztea alegia. Guztia gogoz eginen dute, dagoeneko badakitelako lesakarrek ongi erantzunen dutela eta ilusioz parte hartuko dutela egun borobil honetan.