Lesakako Liburutegiak urriaren 24an beteko ditu hamar urte Harriondoa Kultur Etxera lekualdatu zenetik. Lesakako Udalarekin batera, urte osoko egitaraua aitzinera eramaten ari dira, urteurrena ospatzeko. Dagoeneko, hamar hilabete hauetan, kultur hitzordu andana antolatu dituzte, tartean, liburu aurkezpenak, erakusketak, hitzaldiak, etabar. Programa horren barrenean kokatzen da ortziralean, urriaren 23an, ospatuko den Irakurraldi Jarraituaren I. Jaialdia ere. Lesakako kultur taldeetako ordezkariak, baita hori egiteko prest dagoen edozein herritar ere, elkarrekin eta ozen liburu bera leitzen ariko dira egun osoan zehar. Zehazki, 12:00etatik 20:00etara, txandaka leituko dute. Goizean hezkuntza zentroetako ikasleak izanen dira protagonista; arratsaldean berriz, helduak.