Herriko idazle eta irakurleak ariko dira gaur ahoz goiti leitzen Lesakako Liburutegiak antolatutako I. Irakurraldi Jarraituan

Paola Oskoz

Lesakako Liburutegiak bihar, urriaren 24an, beteko ditu hamar urte Harriondoa Kultur Etxera lekualdatu zela. Horren harira, eta Liburutegien Nazioarteko Eguna ospatzeko, Liburutegiak eta Lesakako Udalak elkarlanean urte osoko ekitaldiz betetako programa ondu dute. Tartean, gaur, 12:00etatik 20:00etara, ospatuko den I. Irakurraldi Jarraitua. Goizez, haurrek parte hartuko dute; arratsaldez berriz, herriko idazleak ariko dira beraien lanak ahoz goiti leitzen.

Madi Ane Txoperena Iribarren, Estitxu Fernandez Maritxalar, Erika Lagoma Pombar, Mikel Taberna Irazoki eta Iban Garro Alzuri idazle lesakarrek Lesakako Irakurraldi Jarraituaren I. Jaialdian parte hartuko dute gaur, urriaren 23an. Herriko Liburutegi Publikoak Harriondoa Kultur Etxean gaur egun duen txokoa estreinatu zuen orain dela hamar urte. Zehazki bihar izanen da urteurrena, urriaren 24an, eta hori ospatzeko antolatu dute gaurko ekimen hau, urte osoko programa baten barrenean kokatzen dena.

Liburutegien Nazioarteko Egunean lekualdatu zuten herriko liburutegia, 2016an, eta efemerideak aprobetxatuko dituzte gaurko hitzordua ospatzeko. 12.00etan hasiko da eta 20:00etan bukatu. Goizeko orduetan haurrak izanen dira protagonista eta arratsaldean berriz, helduak. Herritarrak edota kultur eragileak ariko dira ahoz goiti leitzen, baita Lesakako zenbait idazle ere. Horrela beraz, 16:45ean Maddi Ane Txoperena Iribarrenek Zaldi bat bere azken eleberriaren puska bat irakurriko du. 17:00etan berriz, Estitxu Fernandez Maritxalarrek gauza bera eginen du Sortze berri bat bere lanarekin. 17:30ean, Erika Lagoma Pombarren txanda izanen da, M, ama*, eme*, ume* -rekin. 18:30ean berriz, Mikel Taberna Irazokik Alkasoroko benta leituko du eta azkenik, Iban Garro Alzurik Euri beroak bere poema liburua irakurriko du. Aipatutako testu hauez gain, Mikel Rodriguez Landaren Aratz begiradaren atzetik eta Gaizka Sarasola Iartzabalen Erleak, satorrak, beleak lanak ere leituko dira.