Lesakako liburutegia bere urteurrenaren ospakizunen azken txanpan sartu da

Lesakako liburutegia udaletxeko ganbaratik Harriondoa kultur etxera lekualdatu zela hamar urte pasatu dira eta herrian efemeride hori ospatzen egon dira 2026an zehar. Orain, urtearen azken txanpan sartuta, ekitaldi bereziekin borobiltzen ari dira programazioa. Markos Tantos liburuzainak egitarauaren “balorazio hagitz positiboa” egin du dagoeneko eta liburutegia “kulturaren lekua ez ezik, pentsamenduaren espazioa bilakatu dela” aitortu du, bere esentzian dagoen “gizartea eraldatzeko tresnan” bilakatuz. 

Lesakako liburutegia Harriondoa kultur etxera lekualdatu zutela hamar urte pasatu dira. Udaletxeko ganbaran zegoen lehenago eta, kultur etxearen eraikitzearekin batera, espazio aproposago bat bilatu zioten bertan, irisgarria bilakatzeko helburu nagusiarekin. Hamar urte pasatu dira geroztik, eta liburutegia herriko kulturaren erdigunea bilakatu da, bere berezko lan ildoekin bat eginez, eta literatura ardatz hartuta, gizartea eraldatzeko tresna garrantzitsua izanda bertakoentzat. 2026 honetan, urteurren hori ospatzen aritu dira, Lesakako Udaleko aurrekontua bikoiztuz egitaraua osatzeko. 

Markos Tantos Lesakako liburutegiko liburuzainak urteurrenerako orain artean antolatutako egitarauaren “balorazio hagitz positiboa” egin du. “Jendeak ongi hartu dituela” adierazi du eta ekitaldietara “etorri direla”. Haur eta helduentzat zuzendutako jarduera andana egin dituzte, betiere “literatura ardatz” hartuta, baina bertzelako kultur adierazpenekin uztartuz. “Liburu aurkezpenak, topaketak, hitzaldiak, irakurle klubak…” izan dituzte efemeridea ospatzeko eta “jendea kontent” sumatu du Tantosek. Hamargarren urteurrena “data borobila” dela onartu du eta “ohi baino ekitaldi gehiago egin” dituztela aurten arrazoi horregatik beragatik. Esfortzu hori eginda, eta horretarako ere Lesakako Udalak liburutegirako duen aurrekontua bikoiztuta, herritarrek behar bezala erantzun dutela dio liburuzainak: “Lesaka herri ttikia da, baina kulturalki hagitz aberatsa, eta ematen badiozu erantzuten du”. 

Liburutegiaren agenda ongi hornitzeak jendearengan kultur kontuetan murgiltzeko ohitura sortu duela uste du Tantosek: “Gauza interesgarriak egin ditugu eta agenda jendearengan hurbildu. Hala ere, jabetu naiz ekitaldien dinamika bat osatzen duzunean, eta horren berri garaiz ematen duzunean, jendearekin harremana ere edukita, horrek indar bat hartzen du eta ohitura bat sustatu. Hori da inportanteena, ohituraz kultur ekitaldiak eskaintzea. Espazio ederra dugu gainera horretarako eta aprobetxatu behar dugu. Liburuak mailegatzeaz gain, liburutegia bada gauza aunitz egiteko lekua eta jendeak hori eskertzen du gero”. 

Markos Tantosek urteurren honen programazioari hasiera eman zion ekitaldia oroitzen du bereziki. Itxaro Borda eta Joseba Irazokiren artean sortutako musika eta poesia errezital bat izan zen hura eta, liburuzainak dioenez, ondoren zetorrenaren lagin adierazgarria izan zen: “Ez da jende gehien erakarri duen ekitaldia, hasiera ere bazelako, baina badut oroitzapen oso polita. Hurbila izan zen eta poesia eta musika aditu genituen zuzenean. Beraiek elkarrizketa sustatu zuten eta inprobisazioa ere egon zen tarteko”. Bertaratu zirenek emanaldian parte hartzeko aukera izan zutela erran du Tantosek, ondotik bertze ekitaldietan izan duten bezala, eta hori da orokorrean urte honetan egindakoaren azpimarragarriena: “Jendearen erantzuna, egoteko gogoa eta parte hartzea ere politak izan dira. Kultura ez da zerbait jasotzea soilik, baizik eta bertzeekin zure iritzia partekatzeko aukera edukitzea. Ez da alde bakarreko zerbait, baizik eta artistaren eta publikoaren arteko hartu-eman bat”. 

Hartu-eman horretan jardun zuten liburutegian sutsuki urtarriletik maiatzera eta, udan atseden hartuta, irailean berrekin zioten programazioari. Uxue Alberdiren Esne berriketan liburuaren aurkezpen musikatua izan zen ikasturte berriko lehen ekitaldia, “ederra” izan zena liburuzainaren hitzetan: “Uxue Alberdi eta Amorante musikariarekin batera, Ekhiñe Zapiain eta Maddi Ane Txoperena izan ziren bertsotan. Emakumeen istorioak biltzen dituen liburua abiapuntu hartuta, ahozkotasunetik idatzira eta berriz ere ahozkotasunera pasatu zen ekitaldia izan zen. Hasiera ederra eman genion honekin ikasturteari”.

Hitzordurik garrantzitsuena ordea, urriaren 23an ospatu zen, Liburutegien Nazioarteko Egunaren bezperan, Lesakako liburutegi berriak ateak ireki zituen egun berean. “Berez, urteurren borobila, urriaren 24an izan zen, Liburutegien Nazioarteko Egunarekin batera. Bezperan, Irakurraldi Jarraituaren I. Jaialdia egin genuen. Eneko Fernandez Maritxalarren (Lesakako Udaleko kultur zinegotzia) ideia izan zen eta ni pozik batu nintzaion, hagitz ideia ona izan zelako”, oroitu du Tantosek. Ekitaldi honen funtsa, egun guztian zehar herritarrek testuak irakurtzen aritzea zen eta horretarako, ikastetxeetako ikasleek, herritarrek, baita herriko sortzaileek ere, beraien testuak ahoz goitian leitu zituzten. “Lesaka herri sortzailea eta konprometitua da eta erraza izan zen jendea erakartzea. Hagitz gustura egon ziren guziak eta batasuna egon zen espazio honetan. Ekitaldi xumea izan zen, baina ederra eta hau mantentzea gustatuko litzaiguke. Liburutegiaren urteurrenaz harago joan zen zerbait izan zen, herriak bere sorkuntza eta kultura aldarrikatu zuen bertan”, gaineratu du. 

Irakurraldi jarraituaren ondotik, Victor Masferrer Etxalarren bizi den artista katalanaren Denboraren materia artelanaren erakustaldia izan zuten, baita Fernando Mikelarena beratarraren Al rescate de Baroja liburuaren aurkezpena, bere trilogiaren azken lana dena. Urtea bukatu bitarte, bi hitzordu bertzerik ez dira falta, biak ere bereziak izanen direnak eta ospakizuna behar bezala borobilduko dutenak. Horietako lehena gaur bertan ospatuko da, azaroaren 19an. Xabier Erkizia soinu artista lesakarrak Jorge Oteizaren soinu artxiboari buruzko hitzaldia eskainiko du, 18:30ean, liburutegian bertan. Tantosek jakinarazi duenez, “aspaldian genbiltzan Erkiziaren atzetik eta azkenean lortu dugu bera hemen egotea. Lan hau San Telmo Museoan aurkeztu zuen lehen aldiz herenegun eta gaur Lesakan eginen du bigarrenez. Oteizak konposizio bakarra utzi zuen musikaren arloan eta horren inguruan arituko da gaur lesakarra. 

Azkenik, abenduaren 26an 12:00etan, dantza, musika eta ipuinak uztartuko dituen emanaldi berezia ospatuko da, lesakarrek egina eta lesakarrentzat izanen dena. Izan ere, liburutegia altzairuz hornitu baino lehen, bertan egin zen lehen ekitaldia dantza emanaldi bat izan zen eta liburuzainari urteurren ospakizunak gauza bertsua eginda borobiltzea ideia ezin hobea iruditu zitzaion: “Gaizka Sarasolak eman zidan honen berri. Liburutegia hutsik zegoenean oraindik, lehen ekitaldia dantza emanaldia izan zen eta horrela borobiltzea pentsatu genuen, horrela hasi zena horrela bukatzea. Sarasola arduratzen ari da hortaz eta konplize hartuko ditu herritar batzuk”.  Marijane Minaberri idazle nafarraren lana eta Oskorriren Marijane kanta zan diskoa abiapuntu hartuta, Maddi Ane Txoperenak propio idatzitako testu batzuekin eta Tantirumairu Euskal Folklore Taldeak sortutako dantza konposizio batzuekin osatuko dute urteurrena borobiltzeko baliatuko duten emanaldia. 

Liburutegia gizartea eraldatzeko tresna

Kulturaren lekua izan da aurten Lesakako liburutegia eta hori izaten segitzea izanen da hemendik aitzinera asmoa ere. Markos Tantosek aitortu duenez, “liburutegian informazioa eta kultura herritar guzien eskura jartzen dugu. Liburutegia kulturarekin lotzen dugu ezinbestean, baina baita pentsamenduarekin eta gaur egungo kezkekin ere. Herritarrak biltzeko gunea da, beraien artean pentsatzeko eta elkarrekin aitzinera joateko”. Bide berean, liburutegia “gizartea eraldatzeko tresna” dela dio liburuzainak, “suziririk gabe, baina modu iraunkorrean” lortzen duena hori. “Altxor bat da eta zaindu behar dugu. Batez ere, erabili”, azpimarratu du.  

Hain zuzen ere, hori izanen da urteurrena pasatuta liburutegiak izanen dituen lan ildoen helburu nagusia. Tantosek adierazi du 2027rako asmoak orain arteko berak izanen direla, nahiz eta ekitaldietarako aurrekontua gutituko den, urteurrenerako neurri bereziak hartu baitzituzten: “Egin dugun ahalegina puntuala izan da eta eskerrak eman nahi dizkiot Udalari aurrekontua bikoiztu zuelako eta hori egiteak merezi zuela sinetsi zuelako. Orain lan ildoak berak izanen dira, baina aurrekontu gutituarekin”. Dagoeneko egonkortu diren irakurketa klubekin segitzea izanen da lehen motibazioa. Motxila ibiltaria, Mintzoan kux-kux edota 9 eta 12 urte bitartekoentzat sortu dituzten irakurketa taldeak aitzinera eginen dute beraz, ikusi baitute aunitz laguntzen dutela haurrek hausnarketarako joera izan dezaten eta “pertsona autonomoak” izan daitezen, “mundu zail honetan tresnak eman eta bakoitzaren bizitza marrazteko”, finean. Honetaz gain, liburuzainak aitzindu du arrakastatsuak diren idazleekin topaketak egiten segituko dutela eta dagoeneko bi dituztela hitzartuak. Azkenik, Liburuaren Egunaren inguruan pentsatzen hasiak dira eta hor ere zenbait hitzordu izanen direla aitzindu du, tartean Bortzirietako Euskara Zerbitzuak eskainiko duen liburu aurkezpen bat, baita ipuin kontalari bat ere. 

Horrela bada, “baliabide apalagoekin”, baina jendea erakartzen eta beraien parte hartzea sustatzen segituko dute Lesakako liburutegian, horretarako propio sortutako espazioa bisitatuz eta hausnarketaz betetzen, etorkizuna oparoagoa izan dadin lanean.