2026ko Lesakako Feriak ate joka daude eta berrikuntzekin datoz, gainera. Izan ere, aurten lehen aldiz, ortzegun eta ortziralearekin ospatuko dira, iaz egin zen herri galdeketan horrela erabaki ondotik. Eneko Fernandez Lesakako Udaleko kultur zinegotziak kontatu duenez, “Parte-Hartze Ordenantza onartu zen iaz eta hori baliatuta, abeltzainek proposatutako galdera bati erantzunez, herri galdeketa bat egin zen Feria eguna erabakitzeko”. 500 urteko historia du Lesakako Feria egunak eta ortzegunarekin ospatu izan da beti. Abeltzainek ospakizun handia ortziralera pasatzea eskatu zuten eta hori izan zen, hain zuzen ere, galdeketan erantzun behar zena: zein egunetan nahi dituzu Lesakako Feriak?. “Gehiengo nabarmen batek erabaki zuen ortziralearekin egin nahi zutela eta, horri jarraikiz, aurten lehendabiziko aldiz eginen da horrela”, dio Fernandezek.
Historikoa izanen da, beraz, aurtengo ospakizuna eta jende gehiago hurbilduko dela aurreikusten dute Udaletik. Horregatik beragatik, egitarauan zenbait aldaketa egin dituzte, ordutegietan batez ere, eta hori erabakitzeko, besta batzordearen bitartez egin da. “Egitarauak ez du aldaketa handirik, soilik egunak berak ekartzen dituen batzuk”, dio Fernandezek. Ortzegunean urteroko ekitaldiak izanen dira: Musika Eskolaren kontzertua, Trikitixa Taldearen kalejira eta Beti Gazte elkarteak antolatzen duen Ajoarriero Lehiaketa. Azken txapelketa hau urte luzez ospatu izan da herrian eta giro ederra sortzen dela dio Fernandezek, nahiz eta bultzada berezi bat eman nahi izan dioten aurtengoan, iazko edizioan parte hartze guti eduki ondotik: “Besta batzordean eta Sorginxulon adierazi digute Ajoarriero Lehiaketak parte hartze apala izan duela azken urteetan eta bultzada bat eman nahi izan diogu. Saiakera bat egin da, ahalik eta jende gehien biltzeko. Herriko eragileei gonbidapena zabaldu zaie. Giro goxoa sortzen da horren inguruan eta ekitaldi polita da”.
Lehen eguna gaindituta, ortziralean ere ohiko egitaraua izanen dute aldaketa ttiki batzuekin. “Goizean postu ezberdinak egonen dira. Beheko Plazan artisauak izanen dira eta bertako ekoizleen postuak gehituko zaizkie aurten. Plaza Zaharreko aparkalekuan berriz, aziendak eta frontoi atzekoan, elikagaiak egonen dira. Bittiria Kalean azkenik, ferietara etortzen diren postuak izanen ditugu”, erran du Fernandezek. Goizean zehar ere, Julio Soto eta Oihana Iguaranekin bertso saioa izanen dute eta honen ondotik, emanen dira aldaketa nabarmenenak: “Herri kirolak orduz aldatu ditugu bi arrazoi nagusigatik: batetik, arratsaldeko programazioa indartzeko; eta bertzetik, aziendei indarra eman nahi zaielako. Horrela, sari banaketa plazan bertan egin nahi da, animaliak ere plazara ekartzeko eta horretarako, plaza hutsik egon behar da”. Eguerditik arratsaldera pasatu dituzte herri kirolak eta beraz, 17:00etan ospatuko dira. 18:00etan berriz, pilota partidak egonen dira frontoian eta bukatzeko, 20:00etan, Etxalarko Baratxuri Beltzak erromeri taldeak dantzaldia eskainiko du plazan.
Lesakako Feriak ospakizun berezia baldin badira herritarrentzat, aurtengoan bereziagoak izanen direla aurreikusi dute, herriak bisitari gehiago jasoko dituelako, edo hori delako espero dena bederen. Horregatik beragatik, Udalak neurri bereziak hartuko dituela azpimarratu du Fernandezek: “Pentsatzen dugu arratsaldez jende gehiago etorriko dela feriara, baita arratsean bestara ere. Horretarako neurriak hartu dira eta hurrengo goizeko garbiketa bikoiztu dugu”. Aitzineko eta ondoko lanak prest utzita, eguraldia lagun izatea soilik falta zaie lesakarrei, azken urteetan izan ez dutena. Hala ere, hori ez dago beraien eskutan beraz, ahal dela, bertakoek eta bisitari guztiek egitarauaz gozatzea espero dute Udaletik eta 500 urteren ondotik eginen den aldaketa onerako izatea.