Azken urte hauetan, eta bereziki 2018an, Jaime Altuna eta Josu Ozaita antropologoek idatzi zuten “Itzalitako kalabazen berpiztea” lanari esker, Euskal Herriko txoko askotan Gau Beltzaren ospakizuna bere erroetara itzuli eta berreskuratzeko lanak hasi dituzte hainbat kultur elkartek. Urruñan, aurten antolatu dute lehenbiziko aldiz, Berttoli eta Hazia elkarteek herriko etxearekin lankidetzan. Eta ospakizuna haratago, aste osoa eman dute herriko eskoletan egun horren jatorria haurreri esplikatzen.
Hitzordua 17:00etan emana dute herriko pilota plazan, krakada, ipuin kondaketa, mozorrotze eta makilatze tailerrak egiteko. Eta 19:00etan kabalkada edo desfilea ere egingo dute herriko karriketan, sua piztu eta gauza txarrak uxatzeko deia eginez.
Naturaren zikloari lotutako erritoa
Joseba Aurkenerena adituarekin sakondu dugu Gau Beltza edo Arimen Gauaren jatorrian. "Etorri ez dator inondik, euskaldunok bezala hemengo ohitura zaharra delako. Hemengoa Europako mendebaldekoa, alegia", dio. Izan ere, neolito aroan sortu ziren uzta bukaerako errituetatik eratorria dela dio. Nekazaritzari estuki lotua, eta duela 9.000 urte inguru hasi ziren neguaren atarian uztari lotu egun sakratuak ospatzen. "Gure arbasoek Europan egiten zen bezalaxe, banatzen zuten denbora bi alditan: uda eta negua. Eta uzta bildu ondotik neguan zetorren ilun eta txar guztia", azaltzen du Aurkenerenak.
Gaur egun giristinoek Omiasaindua ospatzen dute egun hauetan. Baina erritu hauek ere jatorri paganoa dutela agerikoa da bere ustetan. Eta nekazaritzari lotua. "Aintzinatean Europa osoan naturaren zikloekin sinesmen animistak zabalduak zeuden garaian, besta edo jai erritual anitz egiten zituzten solstizio eta ekinozioetan, edota ilargiaren aldien arabera", argitzen du, eta "laborantzak indar handia zuenez, uztekin edo ereiteko aroekin lotuta". Dioenez, gure mintzairan dugu horren adierazle diren izen ugari. Jorraila, loraila, ereinaro, uztaila, garila, azaroa, hazia, iraila etabar...
Azken urte hauetan berriz piztu da Euskal Herrian gau beltzarena, partez, mundu mailako Halloween besta komertzialari aurre egiteko asmoarekin. Herriz herri errotzen ari den hitzordua bada, eta Urruñan ere aurten ekingo diote.