Euskararen Urtaroa

Euskararen erabilera gozatuz sustatzeko egitaraua oparoa antolatu dute Urruñan azaroaren 18tik goiti

Antxeta Irratia 2023ko aza. 15a, 12:00

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna girotzen joateko, Euskararen Urtaroa proposatuko dute Hego Lapurdiko herriek azaroaren 17tik abenduaren 1era, Euskal Hiri Elkargoak bultzatuta. Urruñan, aldiz, abenduaren 3ra luzatuko dute, herriko eragile desberdinekin "GOZATU" eta "PRAKTIKATU" helburu duten hitzorduak antolatuz.

Joan den urria bukaeran Urruñako Herriko Etxea, Hazia, Geuz, Airoski eta Urruñako Gazte Asanbladaren laguntzarekin, Berttoli elkarteak antolatutako aurtengo Gau Beltza biziki arrakastatsua antolatu ondotik, euskararen erabilera herrian bultzatzeko Euskararen Urtaroa ospatuko dute datozen bi asteetan. 

Jone Josie herriko etxeko teknikariak aitortu digunez, Urruñan aurreneko aldia da halako lanketa sakona egiten dutela. Eta bi ardatzetan prestatu dute egitaraua. Batetik "gozatzeko" eta bestetik tailerren eskutik "praktika bultzatzeko" hitzorduak. Herriko eragileekin elkarlanean beti, abenduaren 3a bitartean luzatuko dute egitaraua, Urrunaga elkarteak 'Loraldi Berri' liburu eta disko azoka antolatzen duelako.

Gainerakoan, Jour de Fete konpainiarekin Itsas Mendi gelan eta urririk haurrendako "Besten kalea" ikusgarriarekin ekingo diote azaroaren 18an. Hilaren 19an, aldiz, Olentzeroren kondaira Argentinako euskal etxeetara hedatzeko egindako bidai baten istorioa kontatzen duen “Transmisioa” dokumentala proposatuko dute. Azaroaren 22an Kiribil konpainiaren ikusgarria, edota Itzuli konpainiaren “Erromako Zubia” ipuin kontaketa ere izango dira hitzorduen artean. Helduei espreski zuzenduta, aldiz, euskal musikaren benetako historia azaroaren 26an. 

Erabilera bultzatzeko, aldiz, lau ekintza izango dira herriko eragileek antolatuta, azaroaren 25ean Mintzapraktika taldeak antolatuta joko eguna edota Gure Irratiak proposatuko duen irrati-tailerra besteak beste.