René Zugarramurdik Euskal Herriko historian bidaiatzera gonbidatuko ditu urruñarrak ere

Antxeta Irratia 2023ko aza. 22a, 14:51

Hendaian, Hondarribian eta Beran izan ondoan, abenduaren 2an «Bidaia» ikusgarria taularatuko dute Ithurbide kiroldegian. Taulagainean 200 musikari baino gehiago biltzen dituen emanaldiak Irun, Hondarribia edota Lesakako abesbatzen parte hartzea izango du. 

 

Joan den urtarrilan Bixintxo besten karietara estreinatu zen Bidaia ikusgarria Hendaian. Gerora Hondarribian, Beran eta Baionan ere gozatu ahal izan dute aparteko emanaldi hontaz. Eta heldu den abenduaren 2an, urruñarren txanda izango da. René Zugarramurdik ondutako «Bidaia» abesbatza eta orkestrentzat pentsatutako ikuskizuna Ithurbidea kiroldegian taularatuko baitute. Euskal lurraldearekin lotutako aldi historiko garrantzitsuenak erakusten ditu obra honek, historiaurretik hasi eta gaur egunera arteko gertaerak barne hartuz, bidaia musikala proposatzen digu. 

Horretarako, Euskal Herri osoko 200 artista baino gehiagoren parte hartzea du ikusgarriak. Eta abesbatzen artean gure eskualdekoak Lesakako Giltzarri, Irungo IGA eta Hondarribiko Eskifaiak ari dira, Algortako Biotz Alai edota Kanboko Arragak parte hartzen dute. Herriz-herri tokiko eragileekin bat egitea proposatzen dute, eta Urruñako kontzerturako herriko haur eskolako umeek borobilduko dute emanaldia. Horietaz gain, mezzo-soprano bakarlaria Klara Mendizabal izango da eta Hendaiako Banda Sinfonikoak ere parte hartuko du.

Rene Zugarramurdi zuzendariak eman dizkigu proiektu honen inguruko xehetasun gehiago. Oroit, Ithurbidea kiroldegian 20:30tan izango dela emanaldia abenduaren 2an, eta sartzeak 13 eurotan eskura daitezke turismo bulegoan.