Eguberriko merkatua eta animazio ugari izanen dira Urruñan

Aitor Errazkin, Aimar Lopez 2023ko abe. 12a, 10:14

Abenduaren 15etik 17ra eguberriko merkatua izanen da plazan, 30 saltzailerekin. Hilaren 13tik 20ra berriz, animazio ugari antolatuak dira.

Eguberriko merkatuak gurean dira jadanik, eta Hendaiaren ondotik Urruñaren txanda izanen da abenduaren 15, 16 eta 17an. Hogeita hamar bat erakusketari, artisau, sortzaile, ostalari eta komertzante izanen dira. Tokiko kalitatezko ekoizpenak proposatuko dira, eta Urruñako elkarteak ere bertan izanen dira.

Ostiralean, hilaren 15ean, arratsaldeko 17:00etan irekiko da azoka eta 20:00tan itxiko ditu ateak. Larunbat eta igandean berriz, goizeko 10:00etatik 19:00tara luzatuko da merkatua. Irekidura ekitaldia, eliza eta pilota plazako aitzinaldean argien proiekzio batekin abiatuko da, eguberriko kantuak, Airoskiren dantzak eta olentzeroren etorrera ospatuko direlarik. Hiru egunetan zehar jateko eta edatekoak izanen dira bertan.

Animazioak eguberri bitartean

Abenduaren 13a eta 20a bitartean hainbat animazio izanen dira Urruñan.
Joan den urteko prestazioaren ondotik Julien Nonnon artistaren proiekzio berriak izanen dira abenduaren 15etik urtarrilaren 15era. Paraleloki, bere Pixel Art gisako obrak, ikusten ahalko dira Postan.

Abenduaren 16an, larunbatez, planetario bat instalatuko da Posta gelan, kupula baten azpian. Goizeko bi saioak frantsesez izanen dira, arratsaldekoak aldiz, euskaraz. Lekuak mugatuak dira, beraz izena emateko communication@mairie-urrugne.fr helbidera idazteko eskatzen du Urruñako Herriko Etxeak.

Abenduaren 16 eta 17an gainera, munduko mitologien gaineko escape game bat instalatuko da Herriko Etxean. Honetan izen emateko ere helbide berera idatzi behar da.

Zinema ere eguberri kolorez

Itsas Mendi zinemarekin elkarlanean, haur eta gaztetxoentzako hiru proiekzio antolatu dituzte.

Abenduaren 13an, asteazkenez, arratsaldeko 16:30ean Harri Zopa, euskarazko 5 laburmetraien proiekzioa.
Abenduaren 16an, 16:30ean, Les Inséparables filma proiektatuko dute, eta biharamunean, tenore berean, Gremlins filma izanen da.

Azkenik, bi ikusgarri ere izanen dira, abenduaren 17an, Au fil du théâtre konpainiak Txontxongilo ikusgarria eskainiko du, Posta gelan 10:30ean eta 16:30ean. Elebitan eskainiko dute.
Abenduaren 20an berriz, Kiribil konpainiak ipuin musikatuak proposatuko ditu Jeanne Semper gelan, errugbi zelaian, 16 :30ean, euskaraz. 9 urtetik goitikoentzako animazioa da hau.

Egitarau osoa hemen atzemanen duzue.