Sei gazte atxilotu ditu frantses poliziak, urruñarrak eta hendaiarrak haien artean

Antxeta Irratia 2024ko mar. 6a, 10:03

Goizeko 6ak aldera Urruñan eta Baionan atxilotuta, uztailaren 14ko Frantziar egun nazionalaren aurrean independentzia aldarrikatzeko ‘Borroka Eguna’ kari eragindako degradazioak, turismoaren kontrako ekintzak edota erretreta erreformaren kontrako mobilizazioetan polizia erasotu izana leporatzen diete gazteei. 

Polizia frantsesak gaur goizeko lehen orenetan U14 kolektiboaren kontrako atxiloketa operazioa egin du Urruñan eta Baionan. Haien artean urruñar eta hendaiar gazteak daudela baieztatu ahal izan du Antxeta Irratiak. Goizeko 6:00ean Aritza eta Larrun Aranzabal anaiak atxilotu dituzte beren Urruñako etxean. Eta Ainhoa Adin haien amak atxiloketa “bortitza” izan dela azaldu du, eta bi gazteak atxilotzeko 14 bat polizia etxean sartu direla.  Miaketak egin dituzte, eta gazteen ordenagailuak eraman dituzte. Baionako komisaldegira “galdeketa egitera burdin-eskuekin jarrita” eraman dituztela azaldu digu amak. “Poliziak lasai egoteko esan digu, baina lasai ezin gera egon 19 eta 21 urteko semeak atxilotuta eraman dituztela ikusita, goizeko ordu horietan lo geundela ate kolpeka etorri direnean”, aitortu digu.

2021eko uztailan dagoeneko, Jean-Francois Irigoyen Donibane Lohitzuneko auzapeza eta U14 kolektiboko kideen arteko kalapiten ondotik, Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak istiluak argitzeko ikerketa bat abiatzeko asmoa iragarri zuen. Eta ondoko urteetan kolektiboak uztailaren 14an “Borroka Eguna”ren ekintzetan emandako degradazioak dira, hain justu, orain egozten dizkietenen artean. Baionako prokuradorearen arabera, Hendaiako tren turistikoan egindako pintaketak eta gidaria erasotu izana, baita Baionan erretreten erreformaren kontra izandako manifestazio batean gertatu istiluetan ere, poliziaren kontrako erasoak leporatzen dizkiete.

Elkarretaratzea deitu dute 12:30ean Baionako komisaldegian atxiloketak salatzeko.

Argazkia: kazeta.eus @Bob EDME