Hazitik sukaldera dagoena balioan jarri nahi dute Urruñan

Antxeta Irratia 2024ko mar. 12a, 10:02

Herriko eskola jantegi eta adinekoen apairuak hornituko dituen baratze eta sukalde zentralaren proiektua garatzen ari diren bitartean, 'Tokiko Elikadura Osasuntsuaren Astea' antolatu dute, galbidean den sasoiko produktuen ezagutza atxiki nahian, eskolartekoei zein publiko orori zuzenduta, dokumental, mahainguru eta tailer desberdinak proposatuko dituzte martxoaren 16a arte. 

Urruñako herriko etxeak tokiko elikaduraren aldeko engaiamendua arlo desberdinetatik lantzen ari da agintaldi honetan. Aurten bigarren urtea da 'Tokiko Elikadura Osasuntsuaren Astea' antolatzen duela. Eta herriko hainbat eragile eta zerbitzu inplikatu nahi izan ditu. Atzo hasi ziren eskoletan, eta aste osoan zehar eskolartekoek ezagutza eta sentsibilizazio tailerretan parte hartuko dute. Gaur, aldiz, GEUZeko kideek tokiko eta sasoiko menu bat prestatuko dute Arotzenia jatetxeko nagusiarekin.

Halere, aste osoa hartuko dute Urruñan, jakitateen transmisioaren gaia herritarrei hurbiltzeko, tokiko ekoizpenak eta sasoiko elikaduraren garrantzia azpimarratu eta herrian suspertu nahi baitute. Marie Christine Elizondo herriko lehen axuantak azaldu digunez, «herritarrek egiteko manerak ezagutzea nahi dugu, hazitik sukalderat, eta gauzak zein sasoietan egiten diren». Zentzu honetan, sasoiko mozkinak eta tokiko ekoizpena balioan jarri nahi dute. «Negu bete-betean dendan tomateak aurkitzea ez da normala, eta sasoiko produktuak ezagutu behar dira», argitu du.

Horretarako, aipatutako egitarauan, asteazken honetan “La ferme des Bertrand” eta “Moi, place de la femme” dokumentalak proposatuko dituzte Itsas Mendi zineman, transmisioaren gaia lantzeko, baita laborari emakumeen errealitateaz hausnartzeko. Haurrekin tailerrak ez ezik, asteburuan ere mahainguruak eta zenbait hitzordu berezi proposatuko dituzte. Urruñako herria inklusiboa dela erakusteko, larunbatean Valentin Hauy elkarteak begiak estalirik dastatze ilunpeko afari bat proposatzen dute, esperientzia sentsorial gisa Arotzenia jatetxean.

Tokiko sukalde eta baratza proiektua

Bestalde, Urruñako herriak CCASarekin lankidetzan, eskoletako jantegiak eta etxez-etxe adinekoei banatzen zaizkien apairuak hornituko dituen baratze eta herriko sukalde zentralaren proiektua abian jarri nahi du. Agintaldi honetan mahaigainean ezarritako asmoa bada ere, plantan emateko bidean direla aipatu digu Elizondok. Arkitektoa hautatu eta proiektua garatzeko lekua ere finkatu baitute. Iragarri digunez, haien asmoa da herriko laborariekin elkarlanean aurrera eramatea.