Herriko enpresen artean ezagutza bultzatzeko batetik, eta bestetik, oso sakabanatuta bizi den herriko ehun ekonomikoa saretzeko beharrari erantzuteko, Urruñako herriko etxeak Komertzio eta Bizi Ekonomia Zerbitzu berria sortu du. Eta horren haritik, ekonomiari bultzada emateko aukera berriak aztertzen ari dira. Mikel Forestier, Enplegu Foroaren antolatzaile eta herriko etxeko teknikariak aitortu digunez, «ez dira gauza ainitz izan orain artean, eta enplegu foro hau antolatzea proposatuta, enpresek interesa adierazi dute». Joan den abenduan ianeko, Pfofesionalen Topaketa antolatu zuten, eta herriko enpresen beharrak zeintzuk diren diagnostikatu ahal izan zuten. «Hirian bertan dinamika sortu eta sare ekonomiko biziki handia dago, eta enpresak ere ohartu dira herrian bertan aurkitu dezaketela bilatzen ari diren langile profil hori», argitu du Pantxoa Teiller Komertzio hautetsiak ere. “Ez genuen espero hainbeste jende ikustea, lana bilatzen zuten herritarrak hurbildu dira ausarki, eta lantegiak ere euren lan eskaintzak eta elkarrizketak egitera”, azpimarratu du Teillerrek.
Zentzu honetan, Urruñak industria polo bat badu, eta 1.000 lantegi inguruk osatzen dute gaur egun bere ekonomiaren giharrea. Gehienak empresa txikiak izanagatik ere, sakabanatuta daudela ohartu dira. «Urruña herri biziki berezia da, herri txikiz osatutako herria da hein batean, Olheta edo Pausu bezalako auzoak daudelako, hiri-barnetik kanpo dagoen bizitza dutenak, eta enpresa horiek guziek elkar-ezagutza baten beharra dute», azaldu digu Mikela Forestierrek.
Izan ere, ekonomia bizia da Urruñakoa. Historikoki lehen sektoreak pisu handia izan badu ere, denetarik bada gaur egun. Eta dinamika berri bat garatzea ere badute helburu herriko etxean. Zentzu honetan, 2022az geroztik 182 enpresa berri sortu edo egoitza soziala Urruñan kokatu dute. Eta haien beharrei erantzuteko helburua ere badu Enplegu Foroak. Baita lan seka dabiltzan herritarren beharrekin pentsatuz ere.
Larunbatean, Posta gelan egiaztatu ahal izan dute herritarrek ere beharra zutela. Lau orduko foroan, 70 lagunek euren curriculuma aurkeztu baitute. Jende gazte anitz hurbildu dela nabarmendu dute antolatzaileek. Eta beraz, Urruñako herriko etxearen helburua da errepikatzea. «Udako sasoia behin pasatuta, urrian beste enplegu foro bat antolatu nahiko genuke», dio urruñarrentzat hitzordu finko bat bilakatzeko xedea baitute.