Bi hamarkada bete dira Irun eta Urruñako Pausu auzoak lotu, eta Bidasoa eskualdea euskaraz eta euskaratik eraikitzen jarraitzeko helburuarekin besta xume hau antolatzen hasi zela. Euskal Kultur Erakundeak (EKE), Iparra-Hegoa elkarteak eta Urruñako herriko etxeak diruzlagundutako besta da honakoa. Eta bere hastapenetan Xaia ostatuak eta Antxeta Irratiak ekimena abiatu bazuten, izaera propioa lortu duen auzoko jai bat baino, eskualdeko bidasotar anitz biltzen ditu urtero.
Xaia ostatuko Beñat Elizondo aritu da urtero, bestaren egun guzietan hastapenetik buru antolatzaile lanetan. Aurten ere ez du huts egingo. Eta maiatzaren 2an, ostegunarekin, goizeko 9.00etan "Bidasoan oinez" ibilaldia antolatu dute, Pausu-Hendaia-Irun-Pausu zubien arteko itzulia eman eta hamaiketako goxo batekin bururatzeko.
Beñat Elizondo, Xaia ostatuko arduraduna eta Bidasoan Euskara bestaren antolatzaileak xehetasunak eman dizkigu gainerako hitzorduei buruz. Maiatzaren 3an ostirala: kantu afaria izango da gaueko 20:00etatik aurrera Kuxkuxtu txarangak animaturik. Sagardotegi afaria proposatzen dute 40 eurotan. Maiatzaren 4ean, larunbata, 16:00etan haurrendako PONTX pailazoaren ikusgarria, eta arratsaldeko 19:00etan PETTIren kontzertua.
Maiatzaren 5ean igandearekin borobilduko dute asteburua. Bestaren egun nagusia dela azpimarratu du Elizondok. Izan ere, jende anitz bildu ohi da goizeko 10:00etan Bidasoan Euskaraz pilota txapelketaren finalekin. Hiru mailetan lehiatzen dira otsailaz geroztik, eta Bidasoaren bi aldeetako pilotari amateurrak biltzen dituen arrakasta handiko txapelketa bilakatu da. Aurten 80 bikote inguruk hartu dute parte multzoka, eta Bidasoan Euskaraz bestan jokatzen dituzte final handiak.
Ondoren, aperitifa eta bazkaria KUSK taldeak animatuko du. Arratsaldeko 19:00etan, aldiz, Hendaiako Lanetik Egina musika elkarteko SACRE ENCIERRO eta Dj INGLS taldeekin.