2009ko apirilaren 18an desagertu zen Jon Anza euskal militantea, Baionatik Okzitaniako Tolosara trenean zihoala. Hamaika hilabete geroago, 2010eko martxoaren 11n agertu zen donostiarraren gorpua Tolosako gorputegi batean eta desagertu zenetik gorpua bertan izan zela jakiten da. Haatik, justiziak, poliziak, eta baita herritarrek antolaturiko brigadak ere inguru haietan bilaketetan ibiliak ziren.
Gorpuaren aurkikuntzarekin batera, Anza hil aurreko orduetan izan ziren gertaera bitxi batzuk ere argitaratu ziren prentsa ikerketa ezberdinetan. Tolosako Purpan erietxean hil zela zabaldu zen, lehenago karrikan konortea galdurik poliziak eta osasun langileek aurkitu ondotik.
Familiak jarritako salaketek ibilbide laburra izan zuten frantziar eta europear auzitegietan. 2015eko maiatzean eman zuen azken ebazpena Pariseko Afera Zibileko auzitegiak, ikerketan hutsunean izan zirela aitortuz baina akats larririk izan ez zela ebatziz. Auzia berriz ere ireki nahi izanez gero, froga berriak aurkeztu behar lituzke defentsak.
15 urte geroago, galdera bera
"Nun da Jon?" leloak bete zituen 2009an Euskal Herriko paretak. 15 urte geroago, ortzegun goizean, galdera bera errepikatu dute Urruñako plazan ezker abertzaleko kideek, Anzaren senideek eta defentsak eta Filipe Aramendi Urruñako auzapezak. Jokin Etxebarria ezker abertzaleko kidearen hitzetan, "galdera anitz" baitira erantzunik gabe.
Aramendik hasi du agerraldia, bake prozesuaz mintzo: haren hitzetan, bake prozesua bukatzerik ez da desagertuak diren bitartean. Eta agerraldian zentrala izan den eskaera gehitu du: "dakitenak mintza daitezela".
Ikuspundu juridikoan sakondu du Maritxu Paulus Basurko familiaren abokatuak. Aramendi auzapezaren ildotik, eskatu du Anza desagertua izan zen denboran zehar gertatu zenari buruzko informaziorik duen oro mintzatzeko, ezinbestekoa baitzaie prozesu judiziala berriz ere abiatzeko. Epaitegiei deitoratu die ez zela "behar zen guztia egin" nahiz eta defentsak "ahal zen guztia" egin zuen. Are, justiziak familia etengabe mespretxatu zuela ere gehitu du, kasuari buruzko informazioa lehenik prentsari emanez, eta familiari ondotik.
Desagerpenaren irakurketa politikoagoa egin du Jokin Etxebarriak. Ezker Abertzalearen estrategia aldaketaren testuinguruan kokatu du, eta haren hitzetan espainiar gobernuak eta indar armatuek berau trabatzeko erabili zuten desagerpena. Militante abertzaleen bertze bahiketa eta desagerpenak ere aipatu ditu, hala nola Popo Larre edo Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren bahiketa eta erailketa. Azken honen kasuan, ardura espainiar estatuarena izan zela jakina dela aipatu du, eta Jon Anzaren kasuan ere hala dela iradoki. Espainiar estatuak baina, frantziar gobernuko mailarik altuenean aliatu bat izan zuen Etxeberriaren iritziz: Michele Alliot-Marie barne ministro eta justizia ministro izandakoa, gure eskualdeko diputatua ere bazena. Ikerketa "blokeatu" izana leporatu dio.
Jon Anzarentzat zein estatuen biktima guztientzat "egia, aitortza eta erreparazioa" galdegin dituzte. Omenaldia eginen dute Urruñako hilerrian gaur bertan, arratsaldeko 18:00tan.