INPAKT erakusketa

Gizakiaren eragina naturan aztergai duten bost argazkilarien begiradak Urruñako kaleetan

Aitor Errazkin 2024ko eka. 14a, 11:24

Iaz nazioarte mailan ari diren argazkilarien topaketa antolatu, eta haien lanak eremu publikoan ikusgai jartzeak arrakasta izan zuela ikusita, Urruñako herriko etxeak INPAKT ekimenaren bigarren edizioa antolatu du. Ekainaren 14tik agorrilaren 30era arte herriko kale eta plazak 70 bat irudik apaindu eta gizakiak ingurunean duen inpaktuaz gogoeta sustatuko dute.

Herritar zein bisitarien hausnarketa sustatzea da helburua. Ione Iosie herriko etxeko teknikariak aipatu digunez, gizakiak naturan duen inpaktuaz gogoetatzeko balio duten irudiak baitira denak. Bost argazkilari gonbidatu ditu herriak bigarren edizio honetan. Véronique de Viguerie, Bruno Fert eta Hélène David, kultura ministerioak bultzatutako Argazki Eskaera Handiaren irabazleak hain zuzen ere. Eta Thierry Ardouin eta Léa Habourdin ere bertan izanen  dira.

Ione Iosiek eman dizkigu argazkilari bakoitzak Urruñan aurkeztuko dituen proiektuen inguruko xehetasunak.