43 urteko emakume bat desagertu zen ostiralean Urruñan, eta Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak ikerketa abiatu du ustezko hilketagatik. Gaur Baionako Auzitegian agerraldia egingo du prokuradoreak “bikotekidearen eskutik ustez emandako homizidio boluntario” gisa abiatu duen inkesta horri buruz xehetasunak emateko. Haren senarra baita susmagarri nagusia. Frantziako Poliziak asteburuan gizonezkoa galdekatu ondoren, behin-behinean preso sartu dute.
Frantziako Poliziak lekukoei dei egin die emakumearen arrastoak aurkitu nahian, eta haren argazkia zabaldu dute. Joan den ostiralean (ekainak 21) goizeko 8:30ean ikusi zuten desagertutako emakumea azken aldiz Urruñan. Laure Zacchello du izena eta 43 urte ditu. Susmagarria den gizonezkoaren ibilgailuaren argazkia ere zabaldu du poliziak, Suzuki markako 4x4 estiloko ibilgailu gorri bat GC-494-PR matrikuladuna. Azken egunetan egin dituen mugimenduak zein izan diren argitu nahian dabil polizia.
Erailketa matxista izan daitekeelakoan, Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feministak GENERO BORTIZKERIA GELDITU! ASKI DA! lelopean elgarretaratzea deitu du ostiral honetan Urruñako herriko etxe aitzinean, arratsaldeko 18:30ean.