Pausuko Bestak ospatuko dituzte uztailaren 25etik 28ra

Aitor Errazkin 2024ko uzt. 22a, 09:49

Urruñako mugako auzoa prest dago lau egunez besta egiteko. Haurrendako euskal mitologian oinarritutako Altxorraren Bila, Espartin Jaurtiketa Txapelketa, Herri Bazkaria, pilota partidak, euskal dantza eta herri kirolak, eta egunero kontzertu eskaintza borobil batek osatzen dute 25 hitzordutik gora biltzen dituen egitarau oparoa.

Pausuko Besta Komitearen lantaldea berritu egin dute aurten, eta Joan Breton lehendakariak aipatu digunez, indartu ere. Orain artean hiruzpalau lagunek osatzen baitzuten, baina jende berria sartu da, eta orain 10 lagun ari dira auzoari bizia eman nahian. Horrek eragina du aurtengo auzoko besten programazioan ere. Uztailaren 25etik 28ra lau eguneko programak 30 bat hitzordu biltzen baititu. Eta horri auzoko Xaia ostatuak antolatzen duen egitaraua gehitu behar zaio.

Izan ere, uztailaren 25ean, bertan ospatuko den Mus Txapelketarekin hasiko dira auzoko bestak. Izena emateko (05 47 75 07 02) telefonoz ala ostatuan bertan egin daiteke. Dena dela, egitarau oparoa prestatu dute astebururako. Uztailaren 26an, ostiralarekin, 19:00etan eginen dute Besten Idekiera Bidasoako Joaldunekin eta Hendaiako Zarpai Bandak animaturiko Pintxo Pote XXL batekin. Ondoren, 21:00etatik goiti kontzertuak hasiko dira. Tamala, Pott’Rock eta gauerditik goiti DJ Raf.

Larunbatean, aldiz, Amuarrain Arrantza Lehiaketa antolatu dute goizeko 8tan. Baina Haurren Eguna izanen da, eta 10:00etatik 13:00era Euskal Mitologia oinarri izango duen Altxorraren Bila tematikoa prestatu dute, eta Zaldikarroan ibiltzeko aukera emango diete txikienei. 13:30ean Herri Bazkaria izango da Alaiak animaturik. Erreserba 25 eurotan da, eta auzoko Xaia, Muga eta Behovino ostatuetan egin daiteke. Bazkalondoan Espartin Jaurtiketa Txapelketa egingo dute 16:00etan. Eta ondoren haurrendako joko eta atelier anitz, Christophe Paviaren orrazkera misteriotsuak edota haurren makilajearekin. Kontzertuak goiz hasiko dira larunbatean. 19:30ean Jessin’Around, 21:00etan McFly eta 23:00etatik 03:00etara Arpege.

Igandean borobilduko dituzte Pausuko Bestak. Selauru Hustea antolatu dute Pausuko plazan 9:00etarik 15:00etara. Eta Beti Pilotan elkarteak antolatuta Pilota Partidak izango dira 9:30etik goiti. Partida nagusia, aldiz, 10:30ean jokatuko dute Betti Gurrutxaga/Mathieu Lazkano eta Iker Amiano/Asier Aizpururen artekoa.

Ondoren meza nagusia eta eguerditan Besta Komiteak eskainitako zintzur bustitzea izango da. Arratsaldeko 16:30etik goiti euskal dantzak, eta herri kirolekin amaitzeko. 19:00etan Mutxikoak izango dira eta Patxi eta Konpainiaren emanaldia.