2021ean argitaratu zuen Verde Prato izenarekin lehen diska Arsuagak: Kondaira eder hura. Bi urte berantago, iaz, bigarren lan luzea kaleratu zuen, Adoretua izenekoa. Tartean baina, hainbat single ere argitaratu ditu plataforma digitaletan, eta aurtengo otsailean Erromantizismoa EPa igo zuen haietara: hiru kantuz osatua, hirurak Bronquio artista espainiarrarekin elkarlanean eginak.
Bakarkakoa, bakartia da Verde Pratoren sorkuntza prozesua. 2015etik 2019ra Serpiente taldean aritu zen, baina geroztik “bakardadearekin esperimentatzen” dabilela azaldu du. Urruñako Itsas Mendi zinemako oholtza -ohiko pantailaren atzean dagoen espazio ederra- ere bakarrik hartu zuen, eroso, konfiantzaz. Teklatu bat, sampler bat eta mikrofono bat. Eta batez ere, “neska bat bakarrik”. Irudi hori “interesatzen” zaiola dio Arsuagak: “politikoki, neska bat, oholtzan bakarrik, euskaraz kantatzen”.
Kantuak du garrantzia nagusia Verde Pratoren musikak, bere ahotsak. Kantu gehienetan, a capella zatiren bat edo beste entzun daiteke, eta zuzenekoetan are gordinagoa eta nabariagoa da ahotsaren presentzia. Arsuagaren hitzetan, ahotsa du berak talenturik handiena, “kalitate” handieneko tresna, eta horrek eraman du kantua gailentzera.
Zuzenekoan gehien bat Adoretua eta Erromantizismoa lanetako kantuak badira, lehen diskoko kantuak eta bertsio batzuk ere kantatzen ditu Verde Pratok. Baita heldu den urterako prestatzen ari den hirugarren lan luzeko kantu fresko eta argitaratu gabeko batzuk ere.
Urruñako Itsas Mendi zinemako 200 eserlekuak beteak ziren hilaren 3ko kontzertuan. Isiltasuna eta txaloak txandakatzen ziren publikoaren artean, Arsuagaren interpretazioaz gain argi teknikariaren lan ikusgarriaren parean. Aretoak ateak ireki aitzin baina, Imanol Espinazo antzerkilari Hendaiarrak idazten ari den antzezlan berria erakutsi zuen lehen aldiz, publikoaren harrera beroarekin. Urruñako Arotzenia jatetxea, Hendaiako La Grande Illusion liburu denda eta Irungo Bistaeder serigrafia enpresarekin elkarlanean antolatu zuen jaialdia zinema independenteak, baita eskualdeko DJ batzuekin ere.