Urruñako Hiri-Barneko haur eskola publikoaren eremuan 380 metro koadroko sukalde zentrala eraikitzen hasiko dira iraila eta urria artean. Tokiko laborantza iraunkor batetik datozen elikagaiekin lan eginen duen sukaldea sortzea dute xede, bertan eskolentzako eta adinekoentzako bazkariak prestatuz. Obrak urte bateko iraupena izanen dute, eta 2,7 milioi euroko inbestizamendua egingo dute. Marie Christine Elizondo, Urruñako hirigintzarako auzapezordeak proiektua nola garatu eta lantzeko hainbat adibide hartu dituztela azaltzen digu. Beste zenbait herritan garatutako proiektuak ezagutzera joan dira lehenik, adibide egokienak aintzat hartzeko.
Sukalde zentrala Hiri-Barneko haur eskola publikoko eremuan eraikiko da, eta urtebeteko lanak izanen direla aurreikusten dutelarik, tarte horretan eskolako haurrek Zokoako eskolan ikasiko dutela argitu digu Elizondok.
Proiektua estrategia osoa baten baitan pentsatu dute, tokiko ekonomia eta laborantza sustatzeko xedez. Izan ere, udazkenean lan hauek hasiko dituzten bitartean, paraleloki herriko baratzezaintzaren proiektua ere plantan jarriko dute udazkenetik landa, ekoizpen handiarekin. Haien helburua da, sukaldea martxan jarri orduko, bertako ahal bezain bat produkturekin hornitu ahal izatea. Auzapezordeak aitortu digu, elikagai guztiak bermatzea ezinezkoa izango dela. Baina estrategia honen abiapuntutzat hartuta, trantsizio agroekologikoan urrats garrantsitsua delakoan dago herriko etxea.